Dokumentuaren akzioak
Eraikitako zubiak sendotuz
Baionako Maimorables jaialdiak antzokitik auzoetara aterako ditu musika eta dantza, hamargarren aldiz
Hamar urte daramatza «auzoen arteko bereizketak hautsi» nahian. Aurten,
hasteko, partikularki lortu dute tokiko elkarteekin partaidetzak
muntatzea. Hamar bat orotara, usaiako instituzioez gain. Eta elkarlan
hori sendotzeko xedez, «herri ekimenak ikusgarriekin nahastea» erabaki
dute, antzokiko zuzendari Dominique Burukoaren hitzetan. Horren adibide
da gaur jaialdia zabalduko duen lehen saioa. Izan ere, egun osoan
Baionako Saint-Etienne auzoan ganerreko trasteen azoka antolatuko du
bertako MVC herritarren etxeak, eta horri Creature konpainiaren C'est la lune qui me l'a dit txotxongilo ikusgarria gehituko diote, goizez eta arratsaldez.
Kontzertuen artean, maiatzaren 7an, Bokaleko antzokian
(Lapurdi), Jeanne Cherhal frantses kantaria ariko da, eta lehen partean
Just Married tokiko taldea, duela pare bat urte jaialdiak antolatzen
duen musika lehiaketa irabazi zuena. Jaialdia bururatzeko, berriz, Tete
kantaria ariko da. Lehen zatian, Old School Funky Family izanen du
horrek. Talde hori ere jaialdiaren lehiaketa irabazi izanagatik ariko
da. Maiatzaren 30ean ariko dira Baiona Iparraldeko Sainte-Croix auzoan.
Azpimarragarria izan daiteke, ez baita usu gertatzen antzokiaren
partetik, urririk izanen dela kontzertua.
Funtsean, jaialdiak eskaintzen dituen beste saio anitz ere
hala izanen dira. Beti musika arloan, baina arrunt beste estilo batean
eskainiko du gaualdia Baiona eta Lapurdi itsasaldeko orkestrak, Ravel,
Milhaud eta Bizet konpositoreekin; antzokian izanen da, maiatzaren
21ean, eta sarrera ordainduz.
Dantzari dagokionez, zuzendariak deskribatu bezala, «hiriko
kulturatik jalgi dantza» izanen da jaialdiko protagonista. «Hiritarra»,
erran nahi baita. Hip hop eta Afrikako dantzak nahasten dituen Georges
Momboye konpainia, adibidez. Hilaren 9an ariko da Saint-Croix auzoan,
eta egun berean ikastaldiak emanen dituen. Beste konpainia bat Kafig
izanen da. Brasilgo dantzaz busti Agwa & Correria ikuskizuna ekarriko du maiatzaren 23an.
Jaialdiko beste ikusgarrien artean, izango da bestelako
ekimenik ere: musika lehiaketen finala eta Audrey Hocek Baiona
iparraldeko auzoaz egin sei film laburren emanaldia.
Dokumentuaren akzioak