Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Era zaharreko erromeria ospatuko da bihar

Dokumentuaren akzioak

Era zaharreko erromeria ospatuko da bihar

Helburu nagusiak dantzarako ohitura zaharra berreskuratzea eta era tradizionaleko erromerien ohiturari nolabait jarraitzea dira

Egilea
Ion Muñoa
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Zerain
Mota
Albistea
Data
2004/01/31

Helburu nagusiak dantzarako ohitura zaharra berreskuratzea eta era tradizionaleko erromerien ohiturari nolabait jarraitzea dira. Azken finean, trikitixa eta dantza lotzen dituzten erromeria herrikoiak ospatu nahi dira urte guztian zehar. Horretarako, sartu berri garen urte honetan 9 erromeria antolatu dira 9 hilabetetan zehar.



Lehenengoa bihar, igandea, otsailaren 1ean, izango da. Hau aurkezpen gisakoa izango da eta gero urte guztian zehar arituko diren Goierriko trikitilariak izango dira bertan: Koldo eta Arantxa Iparragirre, Alaitz Telletxea, Xabier Arakama, Amaia Zubeldia, Daniel Oiarbide eta Ruth goierritarrak besteak beste. Dantza irakasle-sustatzaile lanetan Patxi Perez arituko da.



Udalak euskal tradizioko erromerian parte hartu nahi duten guztiak gonbidatzen ditu bihar Zeraina etor daitezen. Udalekoen esanetan, iragana eta etorkizuna uztartu behar dituen erromerien ondare hau Zeraingo herrigiroa bultzatzeko aukera aparta baita.



Bolatokiaren zabalketa



Bihar, igandea, bolatoki zaharberrituaren inaugurazioa izango da. Goizeko 11:30etatik aurrera herriko bolariak bolatan arituko dira. Bertan, zahar, gazte, gizonezko nahiz emakumezkoen parte hartzea espero da. Ondoren, eguerdiko 14:30etan Liztormendi elkartean auzolanean bolatokia eraberritu duten denentzat bazkari ederra izango da. Iluntzean, garaiko Zeraingo lehen erromeriara joango dira bolari eta auzolanean ibilitakoak, festa giroaz gozatzera.



Bolatoki berria errealitatea da jadanik Zerainen. Lehengo leku berean bolaleku berri eta sendoagoa eraiki dute herritarrek. Udalaren gidaritzapean auzolanean altxa dute bolatoki berria zeraindarrek.



Parte hartzea nahiko handia izan da eta garai zaharretan bezala elkarlanaren izpiritua oraindik ere Zerainen bizirik dagoela erakutsi dute. Zeraingo bola tradizioari eutsi ahal izateko ezinbestekoa izango da bolatoki zaharberritu hau.

Dokumentuaren akzioak