Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emozio pausatua

Dokumentuaren akzioak

Emozio pausatua

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2008/11/08

Pression oso era hertsian hasten da, bi gizonen arteko borroka edo jolas geldoarekin. Hasiera batean bi gizonak izango dira protagonista, Lachenmannen biolontxelorako solo ezin latzagoak lagunduta, eta beranduago Schuberten edertasun lasaiak girotuko du bi emakumeen txanda. Pieza honetako elementu bakoitzak ñabardura asko ditu eta kontraste handia dago gizonek osatutako talde eskultoriko indartsuen eta emakumeen mugimendu delikatuen artean. Hala ere, piezak aurrera egin ahala, bat egingo dute elementu eta ñabardura guztiek, eta hastapenean ariketa akademiko hutsa zirudiena emozio estetiko trinko bihurtzen da amaieran.

InCanto dall'Orlando furioso izan da egitarauko lan nagusia, eta horretan ere preziatu ditugu Mauro Bigonzetti koreografoaren dohainak. Urtebete ere ez duen lan koreografiko honek handitasunera eta dotoreziara jotzen du , XVI. mendeko poema epikoaren ezaugarriei jarraiki, eta jatorrizko liburuak bezala, tanto guztiak dauzka aro guztietako lan klasiko bihurtzeko.

Dantzaririk gabeko preludio baten ostean, maiestate handiz agertzen da Orlandoren figura, zazpi metroko haga malgu bati eutsiz. Izan ere, haga horrek, urdin elektrikoko arropa pieza txikiek eta atzean proiektatzen diren irudi subliminalek rol estetiko indartsua jokatuko dute emanaldian , eta giro erdi heroiko erdi futurista sortzen lagunduko dute. Lehenagoko piezan bezala, bikainak dira gizonen erakustaldi atletikoak eta emakumeen malgutasuna eta arintasuna, eta bereziki ederrak iruditu zaizkit mugimendu indibidual eta kolektiboen arteko loturak eta Haendelen musikan txertaturiko ukitu garaikideak.

Koreografiari tentsio eder eta sostengatu moduko bat dario, eta sentipen hori bikoteka edo hirukoteka dantzatutako zenbait pasarte delikatu eta indartsuren gainean eraiki da. Irudi zirraragarrien artean berezia sei emakumek Orlandorekin eduki duten keinu-solasaldi erotikoa, baina konpainia osoa itzelezko geldotasun eta leuntasunarekin mugitzean, gainezka egin dute ordura arte gordetako emozio guztiek.

'Aterballeto' 

Piezak: 'Pression' eta 'InCanto dall'Orlando furioso'.

Koreografiak: Mauro Bigonzetti.

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.

Data: Azaroak 6

Dokumentuaren akzioak