Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emazteen lekua pastoralean: bilakaera eta gaurkotasuna ezagutzeko parada

Dokumentuaren akzioak

Emazteen lekua pastoralean: bilakaera eta gaurkotasuna ezagutzeko parada

Pastoraletan aditua den Emilie Sentucq mauletar etnologoak mintzaldia eskainiko du martxoaren 24an Baionako Euskal Museoan, ‘Emaztearen eragina euskal kulturaren sorkuntzan’ izenburupean. Simone Veil pastoralaren inguruko dokumental bat prestatzen ari dela iragarri du.
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2022/03/21
Lotura
Kazeta

 

Maite Davant Muskildiko pastoralaren errejenta, xutik Battitte Berrogainen ondoan.
Maite Davant Muskildiko pastoralaren errejenta, xutik Battitte Berrogainen ondoan. (Guillaume FAUVEAU)

Emilie Sentucq doktore eta etnologoa Euskal Herriko pastoralei buruz aditua da. Duela bost urte Renneseko Unibertsitatean arte eta teknologia digitalen inguruko master bat egin zuen eta ikerketa lanetan ohartu zen, euskal kulturaz ari garenean, «ez dugula emazteei buruz hitz egiten». Mediabaski elkarrizketa eskaini dio mauletarrak, martxoaren 24an ostegunarekin, Baionako Euskal Museoan 18.00etan eskainiko duen mintzaldiaren atarian.

«Rol guti zituzten, ez nuen haien lekua atzematen. Gaia interesgarria atzeman nuen. Egun ezagutzen ditugun aldarrikapen feministen hastapenetan ginen. Tesirako zuzendari bat bilatu nuen eta Patricia Heiniger-Casteret topatzeko santza ukan nuen», erran du Emilie Sentucqek. Dioenez, Paueko Unibertsitateko ikertzaileak berak pastoralei buruzko tesiak eginak zituen aitzinetik.

Emazteak pastoraletako sorkuntzetan presente ote ziren galdeturik, etnologoak dio 1640tik XX. mendeko hastapenetara arrunt presente zirela. «Emanaldiak zeuden, pastoral mistoak», dio eta azpimarratu du ikertzaile anitz garai haietan emazteen edo agerraldi mistoen lekuko izan zirela.

Emilie Sentucq mauletarrak bere ezagutzen berri emanen du Baionan. © Laurent PLATERO

Emazteen bazterketa joan den mende hastapenean

Aldiz, Lehen eta Bigarren Mundu Gerlarekin, «Elizatik heldu zen diskurtso bat izanen zen, arrunt nazionala, frantsesa, emazteak gizonezkoengandik biologikoki ezberdinak direla erranez, ezin dutela dantza egin, beren lekua etxean dagoela, haurrak zaintzeko, eta erditu behar dutela. Hau da liburuetan atzematen den diskurtso ofiziala», oroitarazi du Emilie Sentucqek.

Gogora ekarri duenez, Euskal Kultur Erakundeak Oier Araolaza dantzari eta euskal dantzetan etnologoa gomitatu zuen gaiari buruz aritzeko. «Ikertzaile honek euskal dantzetan pastoraletan bezala fenomeno bera gertatzen zela azaldu zuen. Emazteek beti dantzatu dute, baina XXI. mendearen hastapenetik, diskurtsoak guztiz ezabatu ditu, baztertu».

Simone Veil pastoralari buruzko dokumentala

Egungo egunetara etorriz, Emilie Sentucq aurtengo udarako Muskildiko herrian aurreikusia den Simone Veil pastorala ikertzen ari da. «Dokumental bat egiten ari naiz, pastoralaren prestaketa osoaz aritzen dena, sortzen den unetik gauzapeneraino. Hoberena da, errejenta lehen aldikoz emazte bat izanen dela». Izan ere, Maite Davantek izanen du ardura hori.

Halere, ez du ahazten lehendik izan dela emazte bat rol hori hartu duena: Nicole Lougarot 2013ko Xiru festibalean. Haatik, bere izena ez zen sekula inorengatik inon kontutan hartua izan. «Halere, lehen aldi handi bat izan zen».

Guziarekin, osteguneko mintzaldian, pastorala azalduz hasiko da mauletar etnologoa. Mendeetan zehar emazteek erabili jantziak aipatuko ditu, bereziki galtzak. Emazteei loturiko gai guti izan direla azpimarratuko du ere, izan ere, azken 60 urteetan, bost pastoralek izan dute halakorik, baina ia nehoiz ez zen izan emaztea gai nagusia. «Interesgarria iduritzen zait pastoralera hurbiltzea, enetzat dena biltzen baitu: kantua, dantza, euskara eta idazkera». Gertatzen ari den berrikuntza aipatuko du ere.

Frantsesez iraganen den mintzaldirako sartzea urririk izanen da eta erreserba egitea baitezpadakoa da, 05 59 59 08 98 zenbakira deituz.

Dokumentuaren akzioak