Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Emanaldietan jendeak aske sentitu behar du»

Dokumentuaren akzioak

«Emanaldietan jendeak aske sentitu behar du»

Egilea
Jon Miranda Labaien
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Mota
Elkarrizketa
Data
2020/07/16
Lotura
Tolosaldeko Ataria
Laket taldearen kontzertu bat, Altzon, artxiboko irudi batean. ATARIA

Elkarri heldu eta dantza egiteko aukerarik ez badago, erromeria batek zentzu gutxi du taldekideen ustetan; COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik emanaldi guztiak bertan behera utzi behar izan ditu Laket taldeak.

Zigor Sagarna (Tolosa, 1973) baxu jotzailearekin eta Maitane Ayerza (Asteasu, 1986) trikiti jotzailearekin batera, Iñaki Berastegi hernaniarrak (tronpeta), Iñaki Odriozola (tronpeta) eta Beñat Larrauri tolosarrek (tronboia), Mikel Santxez beratarrak (bateria), Jon Guadix usurbildarrak (gitarra) eta Naiara Urresti getariarrak (abeslari eta pandero jotzailea) osatzen dute Laket taldea.

Zenbat urte daramatza Laket taldeak plazaz plaza? 

Maitane Ayerza: Zehatz mehatz ez dakidan arren 15 bat urte izango dira taldea lehen aldiz taula gainera elkarrekin igo zenetik. Gogoan izan nahi ditugu urteotako ibilbidean taldekide izan ditugunak: Joan Mari Beasain, Jon Oiartzun Jomes, Ixak Arruti, Antton Aranburu, Iñigo Mu- ñoz edota Aiora Urdangarin. Haiek eta ordezko bezala aritu diren gainerako lagunei eskerrak eman nahi dizkiegu.

Urtean zenbat saio izaten dituzue?

M. A.: Nagusiki gure jarduna uda partean izaten da, ekaina eta iraila artean, nahiz eta urtean zehar ere izaten ditugun emanaldi batzuk. 20 bat emanaldi izaten ditugu, gutxi gorabehera, uda sasoian.

Aurten emanaldi guztiak utzi dituzue bertan behera? Edo bateren bat salbatu duzue?

M. A.: Egungo egoera dela eta, aurtengorako hitzartuta genituen emanaldi guztiak bertan behera geratu zaizkigu, batzuk irailera atzeratzeko asmoa adierazi digute, baina eguna gerturatzen ari den arte ezin dugu jakin aurrera joango diren edo ez.

Gehienbat non ibiltzen zarete? Zein izan da urrutien jo duzuen tokia?

M. A.: Normalean gure erromeri gehienak Gipuzkoa izan ohi dira baina Bizkai aldean ere dezente eman izan ditugu. Euskal Herrian urrutien jo genuena Nafarroa Beherako herri txiki batean izan zen. Euskal Herritik kanpo aldiz, urrutien jo dugun lekua Argentinan Bahia Blancan izan zen euskal astean.

Bada galtzeak bereziki pena ematen dizuen plazaren bat? 

M. A.: Hitzartuta genituen emanaldi guztiak galtzeak pena eman digu, baina bereziki urtero joaten garen plazak; Bergara, Urrestilla, Larrabetzu…

Beste estilo batean aritzen diren musikariek egoera berrira egokitutako emanaldiak prestatu dituzte. Plaza talde bat modu horretara aritu daiteke?

Zigor Sagarna: Gure ustetan ezinezkoa litzateke, normaltasun berria deituriko honetan ezartzen ari diren eredu eta protokolo inprobisatu hauetan gurea bezalako taldeek lekurik izatea. Gure emanaldietan jendeak aske sentitu behar du elkarri eskua eman eta kalejira bat dantzatzeko, edo mejikana edo baltsean helduta dantza egiteko.

Zer suposatu dio osasun krisi honek Laket taldeari?

Z. G.: Gizarte osoari bezala bat-batean harrapatu gintuen gu ere itxialdiak, ezustean, horrek kezkak zein zalantzak sortuz. Aurrez esan moduan hitzarturik genituen emanaldiak bertan behera geratu dira edo atzeratu, beraz, beste alde batetik denbora tarte hau atseden moduan hartu dugu.

Kulturari nola eragingo dio osasun krisialdi honek?

M. A.: Argi eta garbi ikusi da osasun krisi honek zaplazteko ederra eman diola kulturgintzan diharduen orori eta ahaztutako sektorea izan dela eta dela agintarientzako. Beraz, egoera zailean aurkitzen da. Konfinamenduan etxeetan sorkuntza nagusi izan da eta arnasgune garrantzitsua, interesgarria litzateke arduradunek ere izan duen garrantzi berarekin erantzungo balute egoera gogor honetatik osasuntsu irteteko. Apurka-apurka hasi dira gauzak berrartzen, beraz esperantza dut berriro ere lehengo egoerara itzuliko garela.

Zerbait eskatuko zeniekete festak antolatzeaz arduratzen diren udal edo jai batzordeei?

Z. S.: Bai, normaltasun berria deritzon honetan, plaza taldeez ez ahaztea, eta pixkanaka, normaltasun normalera bueltatzen bagara behintzat, herrietako jaietako egitarauetan, plaza talde edo trikiti talde baten izenaren ondoren, dantzaldia hitza azaltzen zela gogoratzea.

Emanaldirik gabe tarte hau zertarako baliatuko duzue taldekideok?

Z. G.: Berriz ere gogo, ilusioz eta indar berriturik plazaratzeko baliatuko dugu geldialdi hau, zalantzarik gabe.

Geratzen al zarete taldekideak entseatzeko edo elkarrekin egoteko?

Z. G.: Bada konfinamendu aurretik entsegutxo bat egin genuenetik ez gara berriz ere elkartu. Bergaran irailean dugun hitzordua dela eta, hemendik gutxira elkartu beharrean egongo gara.

Dokumentuaren akzioak