Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Emanaldien atzean dagoen lanari egindako aitortza bezala hartu dugu»

Dokumentuaren akzioak

«Emanaldien atzean dagoen lanari egindako aitortza bezala hartu dugu»

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Anoeta
Mota
Elkarrizketa
Data
2025/06/18
Lotura
Ataria

Maddi Aldabe Iruretagoiena (Anoeta, 2002) dantzari eta irakasle bezala aritzen da Anitz dantza taldean eta edozein gauza antolatu behar denetan baita laguntzaile bezala ere. Kideekin batera bota du aurtengo festetako pregoia. 

Nola jaso duzue pregoia botatzeko aukera emanez festa batzordeak egin dizuen aitortza?

Festei hasiera emateko aukera izatea gauza ederra da eta ilusio handia egin digu. Herrian eragile asko dago eta urte dezentetan ikusi ditugu beste taldeak txupinazoa botatzen eta, aurten, Anitzek aukera izatea polita da. Azkeneko urteotan aurrera atera ditugun emanaldien atzean dagoen lanari egindako aitortza bezala hartu dugu. Errekonozimenduarekin gustura gaude.

Zein mezu helarazi diozue herriari pregoian?

Eskerrak emateko baliatu dugu. Alde batetik taldean urteotan ibili diren langileei eta boluntarioei; eta, bestetik, dantzari guztiei adierazi diegu esker ona, agertzen duten motibazioagatik eta egiten duten ahaleginagatik. Horrekin batera, kulturaren aldeko aldarria egin nahi izan dugu, ikusita herriko dinamikan dantza taldeak daukan garrantzia. 

Noiz sortu zen Anitz dantza taldea?

Urte asko dira Anoetan dantzak presentzia duela. Izen horrekin, Anitz dantza talde bezala, 2009tik gabiltza, beraz, duela 16 urte. Ordutik zerbait formalizatuagoa izatera pasa da taldea eta aurrera urrats handiak egin ditu. Urteak pasa ahala indarra hartzen joan da.

Zenbat kidek osatzen duzue gaur egun?

150 lagunetik gora izango gara. Bost urteko umeetatik hasi eta mugarik gabe, adin, genero eta aniztasun diferenteetako kideak elkartzen gara taldean. Kopuru hori, gainera, badira urte batzuk mantentzen dela. Horrelako herri txiki batean dantzaren bueltan hainbeste jende biltzen garela ikusteak poza ematen digu. 

Anitz dantza taldeko kideok aurtengo festak nola pasako dituzue?

Ahalik eta ondoen. Giro sano eta eroso batean pasatzea izaten da beti helburua. Bi urtez behin, festen hasierako gaueko emanaldi handi hori antolatzen dugu, baina aurten ez zegokigun. Dena den, joan den ostiralean, topaketa egin genuen Idiazabal eta Zaldibiako dantzariekin eta oso ongi atera zen guztia. Jai egun hauetan, gainerako herritarrekin elkartuko gara. Festek horretarako aitzakia ematen dutenez, dantza egingo dugu haiekin batera. Nahikoa okasio izango dugu egunotan.

Dokumentuaren akzioak