Dokumentuaren akzioak
Emanaldi berezia izango da ostiralean Igartza Jauregian
Beasaingo udazken kulturalaren aurkezpenean, Matarraz herriko beste hainbat eragile ordezkarirekin batera. (Argazkia: N.G.)
dantzaren tarteaAurtengoa urte berezia da Aurtzaka dantza taldearentzat, 40. urteurrena bete dutelako. Horregatik, bere lekua eman nahi izan diote udazken kulturalean. Hala, Kresala konpainiaren eskutik Ikonografiak ikuskizuna eskainiko da Erauskin plazan, urriaren 4an. Aurrez, larunbat honetan hasita, Igartzako jauregian Soka erakusketa jarriko dute eta igandean, 12.00-etan, Oier Araolaza antropologo eta dantzan.eus webguneko ordezkariaren eskutik bisita gidatua egingo da. Mahai inguruak ere izango dira dantza hizpide hartuta. Euskal Kultura ondarearen legea aztergai: ondare immateriala, dantza izenpean datorren urriaren 12an eta 17an egingo dituzte hitzaldiak.
Albiste berri bat ere eman zuten aurkezpenean. Beasaingo Zanpaldunak, joaleak, berriz ere eratu egin dira. Hala, kaleak ikusteko aukera egongo da, urriaren 13an, eguerdiko 12.00etan. Igartzatik atera, eta herriaren erdigunerainoko ibilbidea egingo dute.
Aurtzakak, berriz, bere urteurrena urriaren 19an ospatuko du. 11.00-etan hasiko da desfilearekin eta jarraian dantza emanaldia egingo dute. Arratsaldean, erromeriak alaituko ditu Beasaingo kaleak. Urriaren 27an, aldiz, Dantzaki dantza eskolaren erakustaldia ere eskainiko da Gernika pasealekuko frontoian.
musikaren erritmoanKulturaren beste adar indartsu bat musika da eta jakina denez, Igartza Musikaren eskutik egitarau zabal eta kalitatezkoa antolatu dute. Ostiral honetan izango da emanaldi berezia, izan ere, Maria Amolategi eta Victor Sanchez herritarrek disko berria aurkeztuko dute Igartza jauregian, 22.00-etan hasita. Biak ere aski ezagunak, Matilda taldea osatu dute eta etxean erakutsiko dute duten talentua.
Igande honetan ere egongo da zer entzuna: Aitor Garitanok eta Gerardo Rifonek Igartzako jauregian emanaldia egingo dute eta urriaren 25ean Benito Lertxundiren kontzertua Usurbe antzokian izango da. Abesbatzei dagokionez Swara vocal Ensemble talde belgikarra Tolosako lehiaketatik etorriko da eta Loinatz abesbatzak Dantzaz eta kantuzikuskizuna eskainiko du Aurtzakarekin batera. Azken orduko nobedade gisa, Easo gazte eta eskolania abesbatzak Ana Belen Garcia organo-jolearekin saioa plazaratuko dute Andre Mari Zeruratuaren parrokian, urriaren 13an.
Mendi ibilaldiek, erakusketek, bertso saioek, lehiaketek, bisita gidatuek eta hitzaldiek osatuko dute eskaintza. Tartean egingo da Boluntario Eguna, urriaren 5ean. Eta, nola ez, beste hitzordu garrantzitsu bat Beasaingo Paperak bildumaren 27. zenbakiaren aurkezpena izango da. Josetxo Zufiaurreren Baserritarren iraganeko lan egutegia liburua izango da kasu honetan argia ikusiko duena. Urriaren 29an da, 19.00etan.
Amaitzeko, 2020ko Udal Egutegia osatzeko lehiaketako epea irailaren 30an itxiko da eta gaia natur ondarea da.
Dokumentuaren akzioak