Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emakumeen omenez

Dokumentuaren akzioak

Emakumeen omenez

Santurtziko (Bizkaia) ikur ezagunena da sardinera, eta, ikurrarekin bat, baita sardina saltzaile emakumearen figura ere. Hain justu, emakume langilearen figura hori gogoratu eta omenduko dute Santurtzin gaur, urtez urte antolatu ohi den Sardinera Egunaren harira. Hala, itsasoari lotutako emakume eta langileen omenezko ekitaldia osatu dute; gizonezkoek soilik ez, emakumeek ere itsasoari lotuta eginiko lana goraipatzeko asmoz. Aurten, herriko Juana Mozas Cardenal langileak jasoko du herriaren aitortza; izan ere, itsasoaren munduari loturik egon da beti, portuan arraina saltzen ez ezik merkataritza portuan zamaketari lanetan ere aritu izan baita. 12:00etan izango da omenaldia, sardineraren monumentuan.
Egilea
Nagore Arin
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/09/28
Lotura
Berria
Ez da, baina, eguneko jarduera bakarra izango; izan ere, egun osoko egitaraua antolatu du beste behin Santurtziko Udalak. Eragile askorekin batera antolatu du, eta askotariko eskaintza kultural eta gastronomikoa izango da: 09:30ean itsasora irteteko itsasaldiekin hasi, eta 19:30ean Sukar erromeriarekin amaitzeraino. Tartean, kirol ontzi eta itsasontzi tradizional zaharberrituen erakusketak, bisita antzeztuak, umeentzako jolasak, kalejira, arrain enkantea, dantzak eta ekintza gehiago izango dira.

Berrikuntza eta guzti

Berrikuntza nagusia Sardina freskue dantza antzezlana da, Santurtziko sardinekin lotura duen lana. Organik taldeak antolatu du, eta 19:00etan izango da. Antolatzaileen arabera, ekitaldia umoretsua, freskoa eta urrintsua izango da, eta zenbait unetan ikusleen parte hartzea bilatuko du. Modu horretan, eta ikusleek hala nahi izanez gero, antzezleek egingo dituzten proposamen guztien gainean erabakiak hartu eta norabidea bideratzeko aukera izango dute ikusleek.

Itsasoari lotuta dagoen egun bat izanik, arrantza portutik hurbil ospatuko da jardunaldia, portu inguruan. Hala ere, inaugurazio ekitaldia Sardineraren inguruan izango da. Bertan, omenaldia egingo diote Juana Mozas herriko emakume eta langileari, eta lore eskaintza bat ere egingo dute. Ondoren, kalejira egingo dute arrantza porturaino, erraldoiek, musika eta txistularien bandek eta dultzaineroek lagunduta.

Ekintza programa zabal hori herri bazkari batekin biribilduko da; izan ere, goizean alde batetik bestera ibilitakoak Gernika parkean batuko ditu bazkariak. Hala, Sardinera Eguna ospatzera bildutako herritarrak elkartuko dira, eta, bazkaldu ostean, herri abestiak kantatzeko eta giroaz gozatzeko aukera izango dute, Santurtziko Kantari taldeak lagunduta.

Asteburu mugitua izango da Santurtzira biltzen direnentzat; izan ere, Sardineraren Eguna ez ezik, Itsas Azoka ere egingo dute portuan. Bihar arte egongo da zabalik: gaur, 12:00etatik 00:00etara, eta bihar, berriz, 12:00etatik 22:00etara.

Sardinera Eguna

Gaur, Santurtzin (Bizkaia).
Sardinera Eguna bukatzeko, erromeria egingo dute.
Sardinera Eguna bukatzeko, erromeria egingo dute. BERRIA

Dokumentuaren akzioak