Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emakumeek historian zehar jasandako zapalkuntza landuko dute dantzaren eta zuzeneko musikaren bitartez

Dokumentuaren akzioak

Emakumeek historian zehar jasandako zapalkuntza landuko dute dantzaren eta zuzeneko musikaren bitartez

Komunikabidea
Txintxarri
Tokia
Lasarte-Oria
Mota
Albistea
Data
2021/10/22
Lotura
Txintxarri

Gero Axular Dantza Taldeak 'Higa' ikuskizun berria estreinatuko du Manuel Lekuonan.  Dantza eta zuzeneko musika emanaldiaz gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek

Gero Axular Dantza Taldeak Higa  ikuskizun berria ekarriko du larunbatean, urriaren 23an, Manuel Lekuonara. Estreinakoz aurkeztuko dute gainera jendaurrean. Talde horretako zuzendari eta koreografoa da Juan Luis Unzurrunzaga, eta musikari eta musika zuzendaria Andoni Iparragirre. Lasarteoriatarrak dira biak. Horiekin hitz egin du aldizkariak, ikuskizunaren nondik norakoak biltzeko.

Lehen emanaldia egiteko bi hilabete falta zitzaizkiela, bete-betean harrapatu zituen COVID-19aren osasun krisiak. Ondorioz, aurreikusitako plan guztiak bertan behera geratu zitzaizkien eta "luzea" egin zaie bidea azkenerako.

Lana oholtzaratzeko unea iritsi da, baina horren aurreko prozesuaren berri ere eman dute: "Bi urteko aurreprestaketa lana izan da". Lehenengo urtean ideia zehaztu eta dantza eta musika egokiak bilatzen aritu dira. Bigarren urtean, berriz, sortutako koreografia eta musikak dantzari eta musikariei aurkeztu, eta horien lanketa egin dute: "Musikariak musikara bezala, dantzariak koreografietara egokitzeko denbora tartea izaten da, eta, nola ez, batzuek besteengana".

Euskal historiaren eta kulturaren pasarte bat ardatz hartu eta gaur egungo gizartean kezka iturri diren gaiei buruzko gogoeta eginez sortzen dituzte ikuskizunak, eta bide horretan osatu dute Higa ere. Lau mende egin dute atzera oraingoan; sorginen garaira. Donibane Lohitzunen (Lapurdi) sorginkeriagatik epaitutako emakumeen kontuak ekarriko dituzte oholtzara. Ikusi ahal izango da, baita ere, emakume horien senarrak Ternuara (Kanada) arrantzan egitera joaten ziren bitartean, nola geratzen ziren euren esku etxeko ardura guztiak, besteak beste. Hori irudikatuko dute, dantzaren eta zuzeneko musikaren bitartez. 70 dantzari, bederatzi musikari eta lau abeslari arituko dira taulagainean.

Mikel Laboaren Baga, biga, higa abesti ezagunetik hartu dute ikuskizunaren izenburua, hitz labur bat izatea nahi zuten, jendeak azkar oroitzekoa.

Kultur etxeko auditorioan izango da emanaldia, 19:30ean, eta sarrerak 5,50 euroan daude salgai. Iparragirrek eta Unzurrunzagak dei egon diete herritarrei emanaldia ikustera gerturatu daitezen.

Dokumentuaren akzioak