Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emakumeek ere Bordondantza eta Makildantzak dantzatu dituzte lehen aldiz Beran

Dokumentuaren akzioak

Emakumeek ere Bordondantza eta Makildantzak dantzatu dituzte lehen aldiz Beran

80 dantzari baino gehiago aritu ziren San Esteban egunean

Lehen aldiz historian, Berako San Esteban eguneko Bordondantza eta Makildantza dantzatzen emakumeak ere aritu ziren. Zehazki, bestetako dantza nagusian Leire Barrutia, Amaia Espinosa, Ainhoa Retegi eta Izaskun Agara aritu ziren dantzari, Patxi Castillo aitzineskua eta Mikel Esnaola, Javier Pikabea, Mikel Goienetxe, Joseba Mariezkurrena, Jon de la Cruz eta Mikel Morenorekin batera. Ondotik egin ziren Makildantzetan ere neska gehiago aritu ziren, sei talde nagusian eta bi talde osatu zituzten bertze hamasei neska, zahagi moduan dantzatu zuten bertze batzuekin batera. Denera, 80 dantzari baino gehiago aritu ziren goizean. Ikusi argazkiak
Komunikabidea
Ttipi-ttapa
Tokia
Bera
Mota
Albistea
Data
2014/08/04
Lotura
Ttipi-ttapa

Nahiz eta plazan dantzatzen lehen aldia izan, azkeneko urteetan emakumeak Berako karriketan Bordondantza dantzatzen arituak zirela gogoratu zuten. Gure Txokoako dantzariek adierazi zutenez, «hau ez litzateke albiste izan beharko, dantzak gaur egungo egoerara egokitzen jakin dutenaren seinale baizik. Arazo tekniko edo zalantza batzuk izan genituen jantziekin, baina Oier Araolaza antropologoak aipatu zigun bezala, kontua ez da denak gizonez janzten garela, denak, neskak eta mutilak dantzariz janzten garela baizik. Euskal dantza herrikoietan, neska nahiz mutilek dantzatzen dituzten pertsonaia aunitz daude». Normaltasun horren seinale, Berako plazan ez zen inolako polemikarik izan. Alderantziz, aspaldiko txalo zaparrada jaso zuten neska-mutil dantzariek eta Patxi Castillo kapitainak, zurmioko bihurritu baten ondorioz aunitz sufritu behar izan zuen dantza bukatzeko.

Bordondantza baino lehen, Meza Nagusia izan zen, Berako Abesbatzak kantatua eta gero, plazan, herriko bandera dantzatu zuen Xanti Altzugarai zinegotziak, Asier Osesek txistua eta Mikel Telletxeak atabala jotzen zuten bitartean.

Bandera Herriko Etxera igo ondotik dantzatu zituzten Bordondantza eta Makildantzak eta ondotik, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu ziren bertso kantari.

Arratsaldeko Aurreskua

Goizeko dantzen ondotik, arratsaldeko Aurreskuaren txanda izan zen. Ezpatadantzariek, neska kapitain baten etxean, Eider Pikabearen etxean berendua hartu eta joan ziren plazara. Eider Pikabearekin batera, Elixabet Irazoki izan zen nesken bertze kapitaina. Kapitainekin batera, Alaitz Agilar, Ainhoa Berasategi, Ane Elzaurdia, Nahia Fagoaga, Amaia Leiza, Ane Berasain, Hegoa Telletxea, Ainhoa Larretxea, Maddalen Jimenez, Izaskun Agara eta Leire Barrutia izan ziren arratsaldean dantzatu zuten neskak eta hemen ere, normalean baino protagonismo handiagoa izan zuten. Mutilei dagokienez, Joseba Mariezkurrena eta Mikel Esnaola kapitainekin batera, Jon de la Cruz, Mikel Moreno, Jon Irazoki, Iñigo Arana, Patxi Castillo, Joseba Pikabea, Iñaki Eskudero, Javier Pikabea, Mikel Agara, Mikel Morcillo eta Mikel Goienetxe aritu ziren dantzan.

Dantzaldiaren ondotik, Berako Musika bandak ere bere emanaldia eskaini zuen.

Amaia Espinosa eta Izaskun Agara, Bordondantzan.

Amaia Espinosa eta Izaskun Agara, Bordondantzan.

Dokumentuaren akzioak