Aurtengo inauteri asteartean emakumeei omenaldi ttiki bat egin diete Goizuetan. Izan ere, aurten 25 urte bete dira emakumeek mozorroetan ofizialki parte hartu zutenetik.
Keinu bat egin nahian, oroigarri gisa, asteartean zapi bat zintzilikatu eta makilekin zahagi dantzari hasiera emateko aukera luzatu zieten. Gisa bertsuan, lehendabizikoz, emakume batek zahagiaren papera hartu zuen eta ohore hori Garazi Loiarteri egokitu zitzaion.
Eguraldia eta giroa lagun izan zituzten eta guztien parte-hartzeari esker, karrikak kolorez bete ziren: andaluziarrak, Benidormera zihoaztenak, erromatarrak, galiarrak... bertaratu ziren. Bertako herri-kirolek, buruhandiek, txistulariek, oihaneko animaliek, sanba dantzariek... ere ez zuten hutsik egin.