Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emakumeak ere dantzari

Dokumentuaren akzioak

Emakumeak ere dantzari

Tradizio handia dute inauteri dantzek Lizartzan, baina, 2004ra arte, emakumeek ezin zezaketen parte hartu. Lehenengo aldian dantzatu zuten Maitane Lopetegik eta Maider Zubeldiak, eta gaur egungo dantzarietako batzuk dira, Irati Zabala eta Sheyla Sarasola.
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Mota
Albistea
Data
2019/02/22
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Iritsi dira inauteriak eta, aurten ere, dantzatuz eutsiko diote tradizioari lizartzarrek. Horrela egiten dute, 38 urtez ospatu gabe egon ostean, duela 26 urte inauteriak berreskuratu zituztenetik. Hala ere, dantzak askoz ere zaharragoak dira. Hasieran, gizonezkoek soilik parte hartu zezaketen, baina, 2004tik, emakumeak ere dantzan ari dira.

Emakumeak ere dantzari

Maitane Lopetegi eta Maider Zubeldia izan ziren lehen aldi hartan parte hartu zutenetako bi. Dantza-soka dantzatuz hasi ziren. Erretirodunen egunean egiteko mutil taldea ez zen osatu, eta emakumeek ikasi, eta beraiekin batera egin zuten. Inauteriei dagokienez, aurreko urteetan jada puska-biltzean ateratzen ziren dantzari jantzi gabe, eta dantzak egiten zituzten. Baina, plazan, zuriz jantzita, ez ziren irten 2004ra arte. «Naturalki etorri zen zerbait izan zen», azaldu du Zubeldiak. Herri txikia izanik, inauteri dantzak egiteko behar zen hamabiko taldea ez zen osatzen eta, neskek gainontzeko dantzak egiten zituztenez, inauteri dantzak ere egiten hastea erabaki zuten. Plazan dantzatzea gehiago kostatu zen, hala ere. Izan ere, arazoren bat edo beste izan zuten hasieran: «Bileraren batean egon ziren eztabaida batzuk», dio Lopetegik. «Batzuek txantxetan esaten zuten kontra zeudela, baina herri mailan ez zen inolako eztabaidarik egon», gaineratu du Zubeldiak. Arazoak gaindituz, dantzak ikasi, eta plazara ateratzea erabaki zuten emakumeek.

Irati Zabalak eta Sheyla Sarasolak ez zuten parte hartu lehen aldi hartan, baina urte batzuk badaramatzate inauterietan dantzatzen, hamar urte ingururekin hasi baitziren, eta aurten ere hala egingo dute. «Josune Zubeldiak galdetu zidan inauterietako dantzak egiten hasi nahi al nuen, eta animatu egin nintzen», azaldu du Zabalak. Sarasolari, berriz, etxetik datorkio tradizioa: «Nire anaia dantzara joaten zen, eta esan zidaten gauza polita zela, eta tradizioa jarraitzea ondo zegoela iruditu zitzaidan».

Entseguak ezinbesteko tresna

2004an gutxienez zortzi neskako taldea osatu zuten, eta inauterietako dantzak ikasten hastea erabaki zuten. Iñaki Zubeldia izan zuten irakasle, eta orain baino gehiago entseatzen zutela aitortu dute: «Azkenean, urte asko daramatzagu dantzan, eta iruditzen zaigu entsegu gutxirekin plazara ateratzeko moduan gaudela». Inauteriak baino pare bat aste lehenago hasten dira taldea osatu nahian: «Denboraz beti nahiko juxtu ibiltzen gara». Entseguak egin arren, Lopetegik eta Zubeldiak inoiz ez dute izan postu finkorik: «Mutilek beraien lekua edukitzen zuten, baina gu komodin bezala sartzen ginen». Izan ere, beraiek jendea falta zen postuetan sartzen ziren. «Gu ibili izan gara gu baino hamar urte zaharragoekin, hogei urte zaharragoekin, eta gazteagoekin ere bai», gaineratu du Lopetegik.

Lopetegik eta Zubeldiak uste dute, hasieran pixka bat kosta zitzaiola Zubeldiari, inauteri dantzak neskei irakasten hastea, tradizionalki mutilek egiten zituzten dantzak zirelako. Baina berak ere taldea osatzeko behar bat ikusi zuela pentsatzen dute: «Ikusten zuen etorkizunean arazoak egon zitezkeela taldea osatzeko», azaldu du Lopetegik

Iñaki Zubeldiarekin egindako entseguek 2004ko inauterietan eman zuten fruitua, eta plazara atera ziren Lopetegi eta Zubeldia, beste dantzariekin batera. Bi taldetan egin zuten dantza, eta mutilekin nahastu egin ziren. Horrela, ez zen atera emakumeek soilik osatutako talde bat, ezta gizonezkoek bakarrik osatutakorik ere. «Orduan emakume dezente izan ginen, baina, ondorengo urteetan, gu biok ibili ginen batez ere», dio Zubeldiak.

Lopetegik eta Zubeldiak bezala, Zabalak eta Sarasolak ere, gero eta entsegu gutxiago egiten dituztela baieztatu dute: «Garai batean, aurten baino entsegu gehiago egiten genituen. Gaur egun, inauteriak baino hilabete lehenago edo hilabete horretan bertan hasten gara. Lehen, berriz, urte osoan zehar, astean behin edo bitan egiten genituen». Beraiek ere Iñaki Zubeldia izan zuten irakasle hasieran, baita haren alaba Josune Zubeldia ere. Orain, berriz, alabak soilik jarraitzen du lan horretan. Horrela, aurten ere bi talde aterako dira, adinaren arabera banatuta: hogei urte inguru dituztenen taldea eta gazteagoena.

Egoera erabat desberdina

Gaur egun, Lizartzako inauteri dantzen egoera erabat aldatu da eta, orain, emakumeak dira dantzari gehienak. «Mutilak, normalean, ez dira animatzen. Gure taldean, esaterako, gutxi-gorabehera, lau mutil daude. Orain, gehienok emakumeak gara», azaldu du Sarasolak. Lopetegiren iritziz ere, emakumeak beharrezkoak dira inauteri dantzetan: «Gaur egun, emakumerik gabe ezin da pentsatu ere egin inauterietako dantzak aurrera joango direnik. Etorkizunik ez dut ikusten emakumerik gabe». Zubeldiak gaineratu du, beraiek baino belaunaldi gazteago batzutan, urte bakoitzean hiru bakarri direla, neskak eta mutilak kontuan hartuta. «Taldea osatzeko belaunaldi asko behar dira, eta bai neskak, bai mutilak, beharrezkoak dira», dio Zubeldiak. «Batzuetan, neska eta mutilekin taldea osatzea ere kostatu egiten da», gaineratu du.

Behin taldeak osatutakoan, emakume nahiz gizonek dantza berak egiten dituzte plazan: Paseo dantza, Lehenengoa, Bigarrena, Seigarrena, Ostiko dantza, Etxe dantza, Lau ostiko, Makil dantza, Pala dantza eta Paseo dantza. «Ez da beste dantza batzuetan gertatzen dena gertatzen, ez du genero bakoitzak dagokion dantza egiten», azaldu du Sarasolak. Gainera, taldean emakume nahiz gizonen arteko harremana oso ona dela baieztatu dute guztiek: «Emakume eta gizonezko dantzarien arteko harremana ona da. Berdintasuna sustatzen dugu», esan du Sarasolak. Lopetegi eta Zubeldiaren kasuan ere harreman ona izaten da eta, gainera, zaharragoekin eta gazteagoekin dantza egitea «aberasgarria» dela diote.

Aldatzen ari da, beraz, egoera. Lehen, emakumeek ez zuten postu finkorik izaten eta gizonek bai, baina, gaur egun, ez da hori gertatzen: «Garai batean, berdintasuna ez zen hainbeste sustatzen, baina, orain, garrantzi handia ematen zaionez, gauza horiek aldatzen ari dira». Hain zuzen, bakoitzaren postua aukeratzeko metodoa ere aldatu egin da: «Urtean zehar jendea animatzen joaten da, eta bukaeran erabakitzen da, bakoitza zein lekutan joango den», azaldu du Sarasolak.

Egun garrantzitsua guztientzat

Inauterietan dantza egin behar duten eguna berezia izaten da dantzari hauentzat. Lopetegik azaldu duenez, Lizartzako inauteriak oso lotuta daude dantzarekin eta, puska-biltzean dantza egitea, inauterietan parte hartzeko modu bat da. Beraiek hasieratik egon ziren bileretan parte hartzen, eta dantzari garrantzia berezia ematen zioten: «Plazan dantzan egitean ere bai, baina, batez ere, puska-biltzean, oso giro ona sortzen zen. Oso polita izaten zen», diote. «Garrantzitsua da, guretzat, inauterietan parte hartzea. Aspaldian dantzan atera gabe geunden, eta lehengo urtean irten ginen, 25.urteurrena ospatzeko. Ilusio handia egin zigun».

Zabalarentzat eta Sarasolarentzat ere garrantzitsua da inauterietan dantza egitea: «Inauterietan dantza egiten dugun eguna polita izaten da, eta jende asko egoten da begira», dio Zabalak. Sarasolak gaineratu du ez dela dantza egitea soilik izaten: «Gero bazkaria ere egiten dugu, eta agian urte osoan ikusi ez duzun jendea ikusten duzu. Polita izaten da». Horrez gain, Sarasolarentzat tradizioari eusteko modua ere bada: «Nik uste dut tradizio bat dela gure herrian, eta tradizioek jarraitu egin behar dutela. Ondo dago jende gehiago animatzea ere».

Aurrerantzean ere, emakumeek inauteri dantzak egiten jarraitzeko asmoa dute. Sarasolak dioenez, jendeak jarraituko du dantza horiek egiten, tradizioa delako. «Ez dugu baztertzen beste urteren batean ere ateratzea. Gazteagoak ere badaude, baina herri txikietan zaila da ezezkoa esatea. Segituko dugu», dio Zubeldiak. Gazteek ere gauza bera diote: «Hemendik aurrera ere, inauterietako dantzak egiten jarraituko dugu». Lizartzako inauteri dantzetan soka ez da etengo, beraz.

Dokumentuaren akzioak