Dokumentuaren akzioak
Eltziegoko musika, dantzak eta gastronomia dira eguneko protagonistak Idiazabalen
Arabar Errioxako Eltziego herriarekin senidetuta dago Idiazabal, eta gaur da hori gogoratzeko eguna. Pandemiaren erruz bi urtez elkartu gabe zeuden bi herriak, baina gaur festa giroan murgildu dira idiazabaldarrak Arabako lagunak gonbidatuta. Egun osoko festa antolatu dute bi herriak berriz ere elkartzeko asmoz.
Idiazabalgo alkate Iñaki Alberdik gogoratu duenez, duela 10 urte senidetu ziren bi herriak, eta orduz gero kutsu kulturala, folklorikoa eta gastronomikoa duten topaketak egiten dituzte, han eta hemen. Orain Idiazabalen egokitu da festa, eta Eltziegon ekainean egingo dute. “Oso aberasgarria iruditzen zaizkigu topaketa hauek, oso harreman ona dugu bi herrion artean”.
Txaranga, dantzak eta gastronomia
Gaurko festa 10:00etan hasi da, Juan Carlos Uribe alkatea buru zutela Eltziegoko ordezkariei udaletxean egin zaien ongi etorriarekin. Ondoren, Elciego & Friends txaranga herriko kaleak alaitzen ibili da, eta eguerdian Eltziegoko produktuen azoka ireki da pilotaleku ondoko plazan, ogia, patea eta ardoa dastatzeko aukera eskainiz, eta hango dantza tradizionalen erakustaldia ere egin dute Eltziego dantza taldeko kideek.
Herri bazkariaren txanda etorri da ondoren, eta bazkalondoan Eltziegoko buruhandiak atera dira.
Alberdi Idiazabalgo alkateak zehaztu duenez, 60 lagun etorri dira Eltziegotik, eta bazkarirako 200dik gora lagun elkartu dira pilotalekuan, eltziegotarrek haien lurraldeko produktuekin prestatutako menua dastatzeko: patea, haragi gisatua patatekin, postrea eta ardoa. Idiazabaldarrek ekainean hara egingo duten bisitan txekorra erreko dute, “500-bat errazio banatzen ditugu”, eta gazta ere eramango dute.
Dokumentuaren akzioak