Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ''Elkarrekin dugu euskal dantzaren geroa eraiki nahi''

Dokumentuaren akzioak

''Elkarrekin dugu euskal dantzaren geroa eraiki nahi''

Kudeaketa moduan, oinarritik hasi nahi genuen: parte hartzen duten musikari eta dantzariek erabaki. Norekin lanean ari eta abar. Gogoetan ari ginela, Ravelen heriotzaren 75. urtemuga aipatu da. Eduki interesgarria iruditu zaigu, batez ere Ravelen euskaltasuna adieraztea, guti ezagutzen baita, azkenean. Bere musikan berean euskal erritmo batzuk sentitzen dira, adibidez. Ama euskalduna zuela beti aldarrikatu du, eta bere garaian, bere testuinguruan, euskal sentimendua garatu du. Hortik abiatu gara.
Komunikabidea
Eke
Mota
Elkarrizketa
Data
2012/09/28
Lotura
Eke

Peio Labeyrie (1983, Baiona, Lapurdi) aurpegi ezaguna da kultur eta dantza munduan. Etorkizuna Kontzeptuak elkarte berriaren lehendakari gazteak euskal dantzaren azterketa sakona eskaini digu. Dantza konpainia horrek belaunaldi berriaren ikurra eta bilgunea izan nahi du. Ravel Jauna, beren lehen sorkuntza, 2012ko urriaren 13an estreinatuko dute Luhusoko Harri Xuri gelan.

Xan Aire: Zure gisako gazteak, komunzki, EHZ antolatzen edo Zpeiz Mukakin topatzen dira...

Peio Labeyrie: Zortzi urtez ari izan naiz EHZ-n. Zpeiz Mukaki aitzin Zpeiz Banako bazen, eta hartan parte hartzen nuen! Gero, biziak egin du ez nintzela astebururo han eta hemen izaten ahal, baina ene txokotik zaintzen ditut bi proiektuak...

Zpeiz Banako, giro aldetik, aski berritsua izan zen... Zer oroitzapen duzu?

Hori zinez lagun proiektua izan zen, osoki. Hogei urte inguruko bederatzi mutiko gazte, kasik denak elkarrekin dantzan arituak nerabezarotik... Gure kultura beste manera batez erakutsi nahi genuen, guk sentitzen eta bizitzen genuen bezala. Eta dantza, gure iduriko, zaharkitua bezala zen, orduan gure heinean inarrostera saiatu ginen. Ahantzi gabe guretako dantza karrikako artea zela, lehen-lehenik. Dantzari esker bizi izan ditugun momentu ederrak, hasteko...

Dantza taldeari lotzen duzu?

Bai, dantza partekatzeko egina da, gisa guztiz. Eta nik uste plazerik gehien hartzen den talde eta giro onean. Euskal dantzak badu talde kutsu hori, gainera.

Hala ere, ikasi milaka eta milaka urratsek ez dizute disgustu handirik utzi, iduriz...

Ez, batere! Gaztetan aita-amek pusaturik hasiak ginen gehienak, kirolean bezalatsu... Baina dantzan talde onean gertatu ginen, eta horrek egin du segitu dugula. Leku onean ginen proiektuak muntatzeko, Claude Iruretagoiena edo Patxi Perezekin, adibidez. Baina errealitateak egiten du noizbait taldeak murrizten direla, kideek joan behar izaten baitute...

Etorkizuna Kontzeptuak elkartean, hori duzue kontutan hartu?

Bai, horretako ere genuen elkarte hori muntatu nahi. Adin batetik goiti, menturaz dantzaria hoberenean delarik, anitzetan taldea utzi behar izaten da. Ikasketen egitera urrun joateko gertatzen da gehienetan. Orduan, batzuk lagunik gabe gelditzen dira beren taldean, eta dantza segitu nahi duenak, zinez behar du leku eta une onean gertatu. Hutsune hori betetzeko xedez atera gara, dantzan segitu eta hobetu nahi duenari aukera bat eskaintzeko. Bestalde, herrietako taldeetan, hamasei urtetan erakasten hasten zara, eta ez duzu gehiago gauza handirik ikasteko paradarik. Ondorioz, dantzatzeko plazera errepertorio batean murrizten da, euskal dantzaren hain erakusgarri ez dena, gainera. Ez da gehiago aitzinatzen! Alta, Euskal Herrian, errepertorio zabala da, eta kanpoko kulturen berri ere badakigu, beraz bada hor zernahi gauza ikasteko oraindik...

Zuen elkartea euskal dantzak duen hutsune bat gainditzeko zubia da?

Bai, eta belaunaldi berria ere bada. Gaur arte, taldeak koreografo baten inguruan eraikiak dira, eta koreografo horrek ditu gauzak kudeatzen. Kritika baino, konstatazioa da: bakoitza bere alde aritu izan da, azkenean! Nik uste gure belaunaldiari den gauza hori berrikustea, birmoldatzea. Izan gaitezen musikari eta dantzari taldea, nahi duguna erakusteko. Guk ere dugu geroa eraikiko...

Zuk aipu duzuna ez ote litzateke Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren (IDB) rola izan behar?

IDB federazioa denez, bere rola dantza taldeen kudeatzea da, ez eta dantza talde edo leku bat sortzea. Baina guk gogoa dugu zinez IDBrekin aritzea, eta aktore guziak inplikaraztea.

Zuen bertze xede bat da Etorkizuna Kontzeptuak-en eta dantza taldeen arteko harat-honatak bermatzea...

Xede handia dugu hori, bai. Guk, azkenean, dantzariei muina eskaini nahi diegu: gurekin ikasten dutena etxera, beren dantza taldera eraman dezatela. Konpromisoa ere bada gurekin ari den dantzariak segi dezan bere dantza konpainian. Elkarrekin dugu euskal dantzaren geroa eraiki nahi.

Zinez dantzari guziei zabalduak zarete?

Bi atal dira: mailarena eta inplikazioarena. Mailarena... hein bat behar da, baina denek hemezortzi urtetan dutena, guti edo aski. Hala ere, adin horretan ikasteko aukera bada, eta hor da inplikazioaren faktorea agertzen. Horretako da inportantea gutizia dutenei ikasteko, lantzeko aukera ematea. Gero joanen gara mailak orekatzen, beharra baldin bada, eta urte batzuen buruan ikusiko dugu hobeki nola joanen den hau dena.

Epe luzean ari zarete?

Hiru urteko lehen proiektua dugu, Hiriburuko Herriko Etxeak eta EKE-k sostengaturik, eta argi da molde iraunkorrean ari nahi dugula. Hutsune bat bete, horretan garatu, eta ahal bezainbat egokitu dantzarien nahiei.

Malandain Ballet Biarritzekin partaidetza duzue: zer ekartzen dizue?

Bere esperientzia, dantza mundukoa zein oholtzakoa. Euskal dantza molde herrikoian ikasia da, gorputzarekin lotura guti eginez, azkenean. Orduan, beroketa teknikak anitz lantzen ditugu, gure gorputza ezagutuz. Ez da talde guzietan atzematen... Anitzetan da: begira nik nola egiten dudan, eta zuk egizu berdin. Malandainena laguntza ona da, gisa oroz, profesionaltasun pixka bat dasta dezagun. Eta pisua ere ematen du proiektuari, sinesgarritasuna.

Kalitatea bermatuz duzue publiko gehiago bilduko?

Euskal dantzari gazteak erakarri nahi ditugu, azkenean. Eta erakusleiho iraunkorra izan. Biziki proiektu ederrak egin izan dira gazteen artean, baina arrunt puntualak zirenak. Iraunkorra izatea inportantea da haurrei begira ere, haiei erakutsi beste helburuak ere izan daitezkeela dantzan. Bizia, azkenean.

Eta ikusle gehiago erakarriko da?

Hori ez dakit... Ikusiko, gauza franko berria baita, azkenean. Amateur eta profesional munduen arteko erdibidea... Amateurrei ezin diezu galdegin ikusgarri anitz egitea. Horretan dugu mugarria gainditu behar. Eta gure erakusleihoa eremu berrietara hedatu. Azkenean, dugun arazoa diruarena ere bada. Geroz eta gehiago diru publikoa da gure iturria, eta ikusi behar da zein heinetaraino izan daitekeen. Dantzariarentzat ere diru gastatzea baita, inplikatzen den puntutik. Horri denari, gainera, gauza bat lotua da: zer erakusten dugu, adibidez, kanpoko jendeari? Miarritzera heldu diren enpresei, flamenkoa erakusten zaie kongresuetan. Zergatik ez zaie Euskal Herriari buruz ontsa eraikia den gauza erakusten? Gure kultura erakusten duena. Azkenean, gaur egungo dantza talde gehienak kanpinetan ari dira turisten aitzinean, diru-zama miserable baten truke. Beharko litzateke, orain, gu zinez garena erakutsi ikusgarri sakonean, bere balio zuzenean ordaindua litzatekeena. Inportanteena bide bat zulatzea da, gero bertzeak tiratzen baitira, eta denak elkarrekin aitzinatzen baikara.

Zer da, azkenean, autoritate eskasa gure partetik?

Bai, eta dantzarien partetik ere bai. Gure burua errespetaraztea da giltza. Baldintza duinetan aritzea merezi dugu guk ere, nik uste.

Zer harreman ukanen duzue folklorearekin?

Guk gure tradizioa aztertu nahi dugu, eta gure kultura bizi. Tradiziotik ikasi duguna garatu, bizi. Ez dugu deus ukatu nahi, baina gauzak nola aurkezten ditugun kasu eginez, eta gure askatasuna segurtatuz ere bai.

Zergatik Ravel hautatu duzue lehen ikusgarrirako?

 

Ravelek unibertsaltasuna ere badu?

Bai, eta hori ere lagungarri izan daiteke, gure kultura erakusteko, hedatzeko, beti sakonetik arituz.

Fisikoki, Ravel Jauna ikusgarria nola antolatua da?

Hiru koreograforekin Maider Oyarzabal, Bittor Corret eta Christian Larraldeekin, ari izan gara, bakoitzak bere ikusmoldea eman ahal izan du gai berdinaz. Horregatik, ikusgarria hiru ataletan banatua da. Batean, adibidez, Ravelen obra zati bat euskal musika tresnei egokitu dugu. Horretara iristeko, gauzak sakondu behar izan ditugu. Eta espero Ravelen bertze zati bat, ezagutzen ez dena, erakutsiko eta partekatuko dugula, jendea hunkituko dugula. Anitzetan Ravel Boleroan mugatzen baita. Euskal dantzarekin gertatzen den bezala, funtsean: fandangoa, banakoa, eta kito...

Dokumentuaren akzioak