Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Elizan egin dute dantza-soka

Dokumentuaren akzioak

Elizan egin dute dantza-soka

Euriagatik San Pedro eliza barruan egin dute ohiturazko dantza-soka, meza nagusia amaitu ostean.
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Asteasu
Mota
Albistea
Data
2024/06/29
Lotura
Ataria

Jaietako egun handia dute gaur Asteasun. Goizeko dianak festarako deia egin die herritarrei, eguraldiak baina ez du gehiegi lagundu. Herritarrek, ordea, festarako gogoz daudela erakutsi dute.

Elizmendin lekutu da eguneko ekitaldi esanguratsuenetakoa, dantza-soka. Bitxikeria batekin gainera. Izan ere, meza nagusia amaitzean San Pedro elizaren kanpoaldean egin ohi dute, baina gaurkoan, euriagatik, ez da posible izan, eta barruan egin dute. Beraz, elizkizunaren ostean dantza-soka bereziaz gozatu ahal izan da.

Alkate soinua joz sartu dira txistulariak Pili Legarra alkatearekin, eta ondoren, dantza-sokaren txanda heldu da. Aurreskua, desafioa, azeri-dantza, fandangoa, arin-arina edota kalejira dantzatu dituzte, eta hainbat dantzetan herritar gehiago batu zaizkie dantzariei. Ikuskizunaz gozatu ostean, eliza atarian hamaiketakoa zuten zain bertaratutakoek.

Festak arratsaldean izango du jarraipena, 18:00etan, kalejirarekin, herriko trikitilari, txistulari, Usarrabi abesbatza, buruhandi eta erraldoien parte hartzearekin. Ondoren, sagardo dastaketa izango dute, eta 19:00etan patata tortilla txapelketaren sari banaketa egingo dute. 22:30ean, suzko zezena izango dute, eta 23:30ean hasita Kaos Etiliko eta DJ Fresa Morango arduratuko dira gaua musikaz alaitzeaz.

Biharko Egitaraua

Jubilatuen eguna

  • 12:30. Meza.
  • 12:30. Bertso saioa. Beñat Zeberio, Oihana Iguaran, Alaia Martin, Unai Mendizabal eta Andoni Egaña. Amaia Agirre gai jartzaile lanetan.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria.
  • Bazkalostean. Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariak.
  • 18:30. Trikitixa eskolaren musika emanaldia.
  • 20:00. Erromeria, Agurtzane eta Ion Elustondorekin.
  • 21:00. Sorginaren igoera.

Dokumentuaren akzioak