Dokumentuaren akzioak
Elizalde Herri Eskolak euskal dantzak curriculumean sartzeko erabakia hartu du
Ikasturte honetan esperientzi berri bat martxan jartzea
erabaki dute Elizalde Herri Eskolan. Kulturarekin eta, zehatzago, euskal
kulturarekin lotutako ekimena jarriko dute abian ikasle nahiz familien
nahiarekin lerrokatuz. Euskal Dantzak curriculumean sartu dituzte,
horrek aldaketa kualitatiboa dakarrelarik.
Ikastetxeko Hezkuntza proiek-tuak Euskal kultura
sustatzea eta bizitzea izan du beti xedeetako bat eta honi jarraituz
eskola orduz kanpoko ekintzetan Bertsolaritza eta Euskal Dantza bezalako
jarduerak bultzatu nahi izan dituzte betidanik ikasleen egutegietan.
Desberdintasun batzuk ordea badaude esparruen artean.
Kontua da eskola orduz kanpoko ekintzak hautazkoak izanik ez direla
ikasle guztiengana iristen. Bertsolaritza bultzatzeko, esaterako, Lehen
Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak eskola-ordutan badute ikasturte osoan
zehar astero saio bat, Bertsolarien Elkarteak antolatua. Pausu berri
honekin, euskal dantzen kasuan, eskola orduz kanpo soilik ez, eskola
orduetan ere lekua izatea ahalbideratu nahi izan dute proiektu honekin.
Aldaketa honekin lortzen da hain zuzen ere ikasle guztiengana iristea
eta hautatu beharrean ez egotea.
Irakasle eta tutorearekin
Horretarako, ikasturte honetan Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko ikasleek astean Euskal Dantzako saio bat izango dute dantzako irakasle batekin eta tutorearekin.
Helburua ikasle guztiak Euskal Dantzen oinarri bat izatea da, Euskal Herriko dantza tradizionalak ezagutzea eta honekin goza-tzea. Maila hauetan ikasleek dan-tzak ikasiko dituzte eta aurreragoko mailetan eskolako ospakizun eta jaietan nahiz gorputz hezkun-tzako hainbat saiotan praktika-tzeko aukera izango dute.
Hortik aurrera, dantzen ikasketa sakondu nahi duenak
izango du orduz kanpoko ekintzetan egiteko aukera. Bidea behintzat
irekita geratuko zaio eskola ordu horietan jasotako oinarrizko
irizpideak mamitu eta gero. Baina denek izango dituzte euskal dantzaren
ezagutza maila bat jasotzeko aukera eta baliabideak.
Kultura eta folklorea
Euskal dantzak euskal kultura eta folklorearen osagai garrantzitsuak dira, eta hortaz jabetuta hartu du Elizalde Herri Eskolak erabakia. Herri, eskualde edo lurralde batetik bestera dantzak aldatu egiten dira, baita esanahia eta dantza egiteko modua ere. Guzti horren ezagutza jasoko dute bertako ikaseek.
Euskal dantza festa eta ospakizun orotan agertu izan da
eta Elizaldeko ikasleek prestakuntza jasoko dute, curriculumaren barne,
arlo kultural garrantzitsu eta eder honetan.
Dokumentuaren akzioak