Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Elbeteko mutil dantzetan "denendako" aukera bazela zehaztu du besta batzordeak

Dokumentuaren akzioak

Elbeteko mutil dantzetan "denendako" aukera bazela zehaztu du besta batzordeak

Joan den ortziraleko dantza saioak talde batzuenak zirela argitu dute, baina nahi zuten guztiek bazutela dantzetan aritzeko aukera, talde horiek bukatutakoan. Dantzen erdira sartu zirenek ikuskizuna "izorratu" zutela salatu du besta batzordeak.
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/09/20
Lotura
Berria

Elbeteko Besta Batzordeak kritikatu egin ditu mutil dantzak "zapuztu" zituztenak. Elbeteko Besta Batzordearen esanetan, "denendako" aukera bazen mutil dantzetan aritzeko, eta dantzen erdira sartu ziren emakumeek bestak "izorratu" zituzten, jokabide horrekin.

Emakumeek ezin dutela mutil dantza horietan parte hartu salatzeko asmoz, dantzara sartu ziren emakume batzuk aurreko asteburuan Elbeten (Nafarroa), Garbiñe Elizegi Baztango alkatea tartean. Dantzak gelditu egin zituzten; txistu eta oihu egin zietela salatu zuten emakumeek.

"Besta batzordea eta Elbeteko herriak" sinatutako ohar batean, azaldu dute besten aurreko egunetan Plazara Dantzara taldearen "presioak" eta telefono deiak "jasan" zituela —emakumeak dantza horietan parte hartzeko asmoz sortu zuten Plazara Dantzara, ekainean—. Hala ere, bestetako egtarauan "denen gustuak eta sentsibilitateak" kontuan hartu zituela azaldu du besta batzordeak.

Batzordeak azaldu du joan den ortziralean, goizean, Ebeteko mutildantzarien saioa programatu zutela, eta, 21:00etan, Baztango Mutildantzari Taldearena. Bi taldeetan mutilak soilik aritzen dira, baina taldeak dira, eta taldeen emanaldiak antolatu zituen batzordeak.

Horien emankizunen ostean, "ordutegi ofizialean", 22:00etan alegia, "denendako" mutildantzak programatu zituen besta batzordeak. Jakinarazi dute, gainera, "mutildantza mixtoaren alde" dauden pertsona batzuekin hitz egin zutela egitarauari buruz.

"Jarrera oldarkor eta egoskorra"

Horiek guztiak aintzat hartu gabe, emakume batzuk dantzen erdian sartzeak ikuskizuna "izorratu" zuen, batzordearen esanetan. "Jarrera oldarkor eta egoskorra" agertu zuten dantzara sartu zirenek, eta horrek ikusleak haserretzea eragin zuen, adierazi duenez.

"Bizikidetza errespetua eskatuz lortzen da, baina, aldi berean, erabaki eta sentsibilitate desberdinak dituztenenganako errespetua izanik, eta ez larderiazko jarrera intoleranteekin, ezta inposaketekin ere", adierazi du batzordeak.

Dokumentuaren akzioak