Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Elai-Alai taldearen "lan ikaragarria" azaldu du Txomin Unzaluk, liburuaren aurkezpenean

Dokumentuaren akzioak

Elai-Alai taldearen "lan ikaragarria" azaldu du Txomin Unzaluk, liburuaren aurkezpenean

Bake-Leku Txokoak antolatuta, lagun artean egin zuen aurkezpena, Elai-Alai aretoan

Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Gernika-Lumo
Mota
Albistea
Data
2010/09/29
Lotura
Busturialdeko Hitza

"Ziurtagiria". Hala deskribatu zuen Txomin Unzaluk atzo Elai-Alai aretoan aurkeztu zuen bere azken lana. 'Gernika-Lumoko Elai-Alai XX. mendean'. Hain zuzen, joan den mendean dantza taldeko kide izan direnentzako "ziurtagiria" da laiburua: "Taldean parte hartu eta lan egin dutelaren ziurtagiria".
Elai-Alai taldea nola sortu zen gogoratzen du liburuak baina, batez ere, lozorroan zegoen "suari txingarra piztu" ziotenen historia bildu duela azaldu zuen atzo Unzaluk. Hau da, taldea erbestera joan osteko lozorrotik piztu (1965) eta hurrengo hamarkadetakoa.

Lau atal
XX. mendeko historia, hain zuzen, lau ataletan banatu du hainbat urtetan dantza taldeko gidari izandakoak: 'Elai-Alairen historia', 'Herriarengandik jasotzen', 'Herriari itzultzen' eta 'Harremanak'. Hala, taldearen nondik norakoak ezezik, berrskuratutako dantzen eta ohituren berri ematen du, horiek herriari nola bueltatu dizkion kontatzen du, eta taldeak urte askoan egin dituen harremanak azaltzen ditu.

Erakusketa
Dokumentu historikoa legez ere aurkeztu du egileak dantza taldeari buruzko azken liburu hori. Baina hark batzen duen dokumentazio grafikoa ere aberatsa da. Hori guztia bildu eta erakusketa ipiniko dute, azaroaren 4tik 22ra, Elai-Alai aretoan. Gainera, taldeko argazkirik edo dokumenturik duenari erakusketara bertara eramateko deia egin dute Unzaluk berak eta dantza taldeko arduradunek.
Liburua ere salgai ipiniko dute erakusketan bertan, 12 eurotan. Bitartean, kultur etxean eta turismo bulegoan erosteko aukera izango da.

 

Dokumentuaren akzioak