Dokumentuaren akzioak
Elai Alai dantza taldeak Bogotako Gernika Plaza inauguratuko du irailean Kolonbian egingo duen biran
Elai Alai dantza eta musika taldeko 30-35 kidek Kolonbiako biran parte hartuko dute datorren irailaren 21etik 29ra bitartean. Biraren azken ukituak prestatzen ari dira gernikarrak, baina Egoitz Atxikallende elkarteko kideak zenbait alderdi aurreratu dizkio EuskalKultura.com-i. Hitzordu nagusia Bogotako Euskal Etxekoa izango da, izan ere taldeak elkarte euskal kolonbiarraren gonbidapena jaso zuen. Euskal Etxeak eraiki eta berritu duen Gernika Plaza inauguratuko dute dantzari eta musikariek.
Bestalde, Universidad Minuto de Dios-en aritzeaz gain, Elai Alai taldeak beste zenbait unibertsitate eta institutuetan ikuskizunak eskainiko dituela azaldu du Atxikallendek. Hauek ikusleen adinaren arabera prestatuko omen dituzte. Hala ere, jakinarazi duenez, taldeak 'multimedia ikuskizuna eskainiko du' eta diapositiba, bideo, zuzeneko musika eta dantzen bidez Gernikako ohitura ezberdinak erakusten saiatuko da Elai Alai. Adibidez, 'Marijesiak' tradizioko kanten zatitxoak edota inauterietako 'oilar jokoak' antzeztuko dituzte, beste zenbait ohituren artean.
Elai Alai Dantza Taldeko kideek esperientzia dute honelako bira eta emanaldietan. Iragan urtean gernikarrak Venezuelan aritu ziren zenbait ikuskizun eskaintzen. Bira hartan 16 eta 31 urte bitarteko 35 dantzarik eta musikarik parte hartu zuten eta Egoitz Atxikallendek aipatzen duenez, 'izugarria izan zen esperientzia. Atzerrian Euskal Herriarekiko lotura hain sakona zenik ez genuen sekula pentsatu. Are gehiago, bi ordu eta erdiko ikuskizunak eskaini ondoren, bertakoek gehiago eskatzen ziguten'.
Dokumentuaren akzioak