Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'El caserío'-ren itzulera

Dokumentuaren akzioak

'El caserío'-ren itzulera

'El caserío'

Musikagilea: Jesus Guridi. Ekoizpena: Arriaga eta Campoamor antzokiak. Zuzendaria: Pablo Viar. Kantaria nagusiak: Ainhoa Arteta (sopranoa) eta Jose Luis Sola (tenorra). Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: ekainaren 21a.
Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/06/26
Lotura
Berria

Orain dela bi urte estreinatu zen Arriaga eta Campoamor antzokien arteko ekoizpen hau berriro bueltatu da, freskura batere galdu gabe. Sasoi honetan, gainera, Ainhoa Artetaren presentziarekin eta talde berriarekin indartuta. Izan ere, Pablo Viar eszena zuzendariak arintasun koloretsuz igurtzi zuen libreto zaharkitua edo baserriko bizimodu mitikoa: horretarako, hiru ekitaldiak jarraian eman zituen, figurazio ugariarekin jolastu eta baita Jesus Guridiren partitura arindu ere. Trantze horretan asko lagundu zion Daniel Biancoren eszenografia errealistak, bi dekoraturen bidez: bata baserri bateko alboko fatxada eta atea, harri landuaz eta erdi puntuko arkuarekin egina —hots, estilo neoklasikokoa—; eta bestea frontoi zoragarria, egurren antza emandako bilbatua sabaian eta benetako mailadiak herri pilotazaleentzat. Aipatu behar da konpartsen bizitasuna ere: hau da, dantzarien jauziak, pilotariek egiten zituzten jolas keinuak eta zaleen zantzoak; batzuetan kamera geldoan aritzean edo geldi-geldi estatuak moduan, beste batzuetan greziar koruarena egiten keinuz eta ahotsez pertsonaia nagusien ekintza azpimarratuz.

Bestalde, kantagintzaren arloan, Ainhoa Artetari hasieran kostatu zitzaion bere ahots inpostatuarekin eta bolumen erasoekin Ana Mariaren rol gozora egokitzea eta martxan zebilela erregistroa aldatu behar izan zuen. Hori zuzendu eta gero, laster, gozatu genuen bere kantaldi ederrez, abes-jakinduriaz eta bere presentzia eszenikoaz. Aldiz, Jose Luis Sola tenorra ederki egokitu zitzaion pertsonaiari bere ahots arinarekin eta gustuarekin abestuz Joxe Migelen rola. Jorge Rodriguez-Nortonek ondo haizeratu zuen demaren duoa tenorrarekin. Loli Astorekak, berriz, goi-goian jarri zuen Eustasiaren rol barregarria. Ondo egin zituzten Belen Elvirak, Lander Iglesiasek eta Pako Revueltasek beren aktore rolak. Miguel Roa zuzendariak ondo kontzertatu zituen osagai guztiak eta ez zuen inolako arazorik izan Bilbao Orkestra Sinfoniko sendoarekin. Rossini abesbatzak, ahots batzuen kalitatea kenduta, ondo aritu zen ezena koraletan eta lan handia egin mugimendu eszenikoan. Aukeran taldeko dantzariek maisutasunez konbinatu zituzten dantzaren urratsekin Guridiren doinuak, izatez askotan batere egokiak ez direnak dantzarako.

Dokumentuaren akzioak