Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ekoizpen propioak leku berezia du Arriagako programazio berrian

Dokumentuaren akzioak

Ekoizpen propioak leku berezia du Arriagako programazio berrian

«Macbeth», «Mendi-mendiyan», «Dido & Aeneas» eta «Garai zekenak» ekoizpen lan propioak hartuko ditu Arriaga antzokiak 2018-2019 denboraldian. Ekoizpen propioak nabarmendu bazituzten ere, Bieitoren hitzetan, gustu guztietarako lanek osatzen dute egitaraua.
Egilea
Gara
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2018/06/07
Lotura
Naiz

Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak aurkeztu zuten atzo antzokiko 2018-2019 denboraldiko programazioa, 2018ko abuztutik 2019ra artekoa. Bieitoren hitzetan, programazioa askotarikoa da oso, elkarren artean oso desberdinak diren eta, ondorioz, gustu guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dauden ikuskizunez osatua. Hala, Arriagara hurbildu nahi dutenek musika-emanaldiez, antzerkiaz, kontzertuez, dantzez, operaz eta lirikaz, zirkuaz, zarzuelaz edo kantata batez gozatu ahalko dutela nabarmendu zuen.

Azken urteetako ildoari jarraituz, programazioak bertako eszenari bultzada eman nahi izan diola ere zehaztu zuen, Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko artistekin duen «konplizitatearen» bitartez, eta Estatu espainoleko «antzerki hoberena» ekartzea ere izan duela xede.

Hala, etxekoei dagokienez, Alex Gerediaga zuzendari gazteak “Macbeth” euskaraz eta gaztelaniaz eszenara eramateko erronkari egingo dio aurre eta Bieitok, bere aldetik, “Mendi-mendiyan”, Usandizagaren «konposizio liriko handia» zuzenduko du.

Barbora Horakova Jolyk euskal interpretatzaileak zuzenduko ditu “Dido & Aeneas” operan, eta Raul Cancelok “Garai zekenak-Tiempos mezquinos” antzezlana zuzenduko du, Ibsenen Hedda Gabler oinarrian duen Denise Despeyrouxen testua.

Arriaga antzokiak «nazioarteko estatusari eutsiko dio» “Waiting (Itxaronaldia)” lanarekin, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean; Norvegiako Bergen International Festivalarekin batera ekoitzitako lana da. Antzerki programazioak “Ghero, Ocaña eta Galerna” euskal antzerkiko estreinaldiak, Estatu espainoleko figurak eta nazioarteko antzerkiaren kalitatearen adibide den Ricci/Forte konpainia italiarraren obra bat jasoko ditu. Bestalde, Concha Velasco, Josep Maria Pou, Juan Echanove, Marta Etura, Israel Elejalde, Alberto San Juan, Carmelo Gomez, Ana Torrent, Gonzalo de Castro eta Veronica Echegui ere izango dira Arriagan eta, dantzari dagokionez, Kukai, Beti Jai Alai edo Mikel del Valle, baita Shaolin monjeak, Sara Baras eta Maria Pages flamenko-dantzariak eta Dada Masilo koreografoaren (Hego Afrika), Sasha Waltz & Guests (Alemania) eta Ballett Theater Baselen (Suitza) sorkuntza lanak ikusi ahal izango ditugu.

Musika hitzordu azpimarragarriak dira Philippe Jaroussky kontratenorraren emanaldia eta Philip Glassen “Einstein on the beach” operaren kontzertu dramatizatua, Suzanne Vega abeslariaren partaidetzaz. Hiria indar frankisten esku erori eta 80 urte betetzean Bilboko Udalak Luis de Pablori egindako enkarguaren, alegia “La caída de Bilbao” lanaren, estreinaldia izango da denboraldiko beste musika ikuskizun garrantzitsuenetakoa.

Bestelako generoek ere izango dute lekua, hala nola zarzuelak, Emilio Sagiren “Luna de miel en el Cairo” lanarekin; La Fura del Bausen “Carmina Burana” kantatak eta Les 7 doigts-en “Bosch Dreams” zirkuak.

ESTREINALDIA

Hiria indar frankisten eskuetan erori eta 80 urte betetzean Bilboko Udalak Luis de Pablori egindako enkarguaren, alegia, «La caída de Bilbao» lanaren, estreinaldia izango da denboraldiko musika ikuskizun garrantzitsuenetakoa.
0607_kul_arriaga

Dokumentuaren akzioak