Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ekin Kultur Taldeak larunbatean egingo du urteko lehenengo 'Dantza Plazan', Pergaminon, Lagun Onak-ekin batera

Dokumentuaren akzioak

Ekin Kultur Taldeak larunbatean egingo du urteko lehenengo 'Dantza Plazan', Pergaminon, Lagun Onak-ekin batera

Buenos Airesko Ekin Kultur Taldeak ez du momentuz egoitza propiorik; hala ere, Aitor Alava zuzendariaren esanetan, “hori ez da oztopoa, areto, etxe edota parke batzuk entseguak egin eta biltzeko toki ederrak izan baitaitezke gogoa dagoenean”. Urteko bere plangintzari hasiera emateko Pergaminon egingo du Elkarteak 2018ko lehenengo 'Dantza Plazan', bertako Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile. Taldearen entseguak, bestalde, apirilean hasiko dira hiriburuko ‘Las Mil y un Artes’ kultur etxean.
Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Buenos Aires, Argentina
Mota
Albistea
Data
2018/03/15
Lotura
Euskalkultura.com

Barnealdeko euskal etxeekin batera ekintzak antolatzeko ohitura du Ekin Kultur Talde hiriburutarrak eta izan ere, bide horri jarraiki hasiko du 2018 urtea. Etzi larunbata, martxoaren 17an, Pergaminoko 25 de Mayo enparantzan eskainiko du taldeak urteko bere lehenengo 'Dantza Plazan'. Ekitaldiaren helburua euskal folkloreak kolektibitatearen mugak gainditzea da, euskal dantza tradizionalak leku publiko batean erakutsiz eta publiko orokorra dantzatzera gonbidatuz. Asmo horrekin Ekin Kultur Taldeko dantzariak eta Lagun Onak-ekoak bildu egin dira eta erromeria giroan, oinarrizko pausoak irakatsiko dizkiete hurbiltzen direnei. Hitzordua arratsaldeko 5etan izango da eta gauean, afaria eskainiko du Euskal Etxeak bere egoitzan.

Ekin Taldeko kideen eta batez ere euren burua den Aitor Alavaren Argentinako barnealdeko euskal etxeekiko joera horren baitan, duela hiru urte Alavak berak jarri zuen San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko Igaraba Dantza Taldearen hazia eta aurten, hirugarren urtez jarraian, jarraituko du dantza irakasleak taldea zuzentzen.

Ekin Kultur Taldearen entseguak ere laster hasiko dira. Apirilean bilduko dira berriro dantzariak, betiko ordutegian: larunbatetan arratsaldeko 2etatik 5:30etara, oraingoan Las Mil y un Artes kultur etxean, Medrano kaleko 645. zenbakian, Buenos Aires hiriko Almagro auzoan. Parte hartu nahi duenak emailez jar daiteke kontaktuan  ekindantzaritaldea@gmail.com helbidera idatziz.

Erronka berriak

Inflexio urtea izan zen iazkoa Ekin Dantzari Taldearentzat babesle zuen eta bere ekitaldien egoitza zuen Eusko Kultur Etxea elkartetik banatu egin zelako, loturak ere hautsiz izena ematen zion Ekin argitaletxearekin. Nolabait berriro ere hutsetik hastea izan zen Aitor Alavaren taldearentzat eta ‘Ekin Kultur Taldea’ izenarekin abiatu ziren berriz, aurreko helburuei eutsiz. Aitor Alavarekin hitzetan, “Ekin Kultur Taldea jende gazte eta helduak osatutako taldea da. Dantzariak, euskara ikasle eta irakasleak edo, besterik gabe, euskal kulturaren lagunak gara eta gure xedea euskal kultura sustatu eta zabaltzea da, arlo guztietan”.

Alavaren azalpenetan, “Euskal Herria eta Argentinaren arteko zubi bat izan nahi dugu, euskara zabaltzen eta irakasten, eta euskaraz mintzatzen, euskara baita, hala sinesten dugu, euskal kulturaren ikur nagusia. Euskal dantza eta folklorea ere mantendu eta ezagutarazi nahi ditugu hori izan delako gure sortze arrazoia”.

“Elkarte berri hau 2017an sortu dugu, autonomoa da eta Argentinako euskal familiaren parte izaten jarraitu nahi dugu. Eta nahiz eta egoitza propiorik ez izan, hori ez da oztopoa pozik eta adiskidetasunez lan egiten segitzeko. Ibilbide zaila hasi dugu iaz, lekurik gabe eta dantza egiteko jantzirik gabe; gezur eta irain askori ere aurre egin behar izan diegu; baina horrek kikildu beharrean, indartu egin gaitu. Larunbatero biltzen gara dantzariok entseatzera, eta euskara ikasle eta irakasleek euren eskolekin jarraitzen dute”, jakinarazi du Aitor Alavak.

Ekin Kultur Taldearen berri gehiago naho duenak emailez kontakta dezake, edo Ekin Kultur Taldea Facebook kontuan edota blog honetan bidez.

Ekin Kultur Taldea SanNicolaseko Euskal Astean

Ekin Kultur Taldea SanNicolaseko Euskal Astean

Dokumentuaren akzioak