Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka EKEk eta Scene Nationalek artista gazteentzako funtsa eratu dute

Dokumentuaren akzioak

EKEk eta Scene Nationalek artista gazteentzako funtsa eratu dute

Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2011/11/24
Lotura
Gara

«Kultur aniztasuna ez da zatiketarako arrazoia izan behar, lotura bultzatzekoa baizik», adierazi zuen Baionako Scene Nationaleko administratzaile Roger Goyhenechek. Izan ere, bi erakundeek eskuarki bananduta izaten diren bi kultur eremu ordezkatzen dituzte. Gizartearen ispilu den haustura hori gainditzea du xede egitasmoak.

«Kultura fondoaren sortzearekin Euskal Herriaren kultura garapenean parte hartu nahi duten guztiei irekia zaien partaidetza desmartxa berri batean sartuko gara», nabarmendu nahi izan zuen Mikel Erramouspe Euskal Kultur Erakundeko presidenteak.

Funtsak deialdia bi arlori zabaldu die, sorkuntza artistikoan parte hartu nahi dutenei eta laguntza ekonomikoa emateko prest daudenei. «Euskal Herriaren garapenari lagundu nahi dioten guztiei irekia dago parte hartze ekimen hau», azaldu zuen Scene Nationaleko presidente Jean-Michel Baratek.

Sortzaileei dagokienez, gazte euskaldunei zuzentzen zaie egitasmoa; zehazki, antzerkia, zirkua eta dantza egitasmoak aurkezten dituzten 35 urtetik beherako artistei. Irabazleak hautatzeko aurkeztutako sorkuntza artistikoaren berritasuna eta zorroztasuna aintzat hartuko dituzte. Bestalde, ikuskizunak publiko desberdinak barne hartzea ere kontuan izango da, eskoletako haur eta gazteak ere integratzea eskatzen delarik.

2012ko martxoaren 20ra arte dago irekia lanak aurkezteko epea eta apirilean emango dute jakitera zeintzuk diren irabazle ateratako proiektuak. Talde batek edo bik izango dute funts horretako diru kopuru bat eskuratzeko aukera, sorkuntzak behar dituen baliabideen araberakoa. Zenbat diru jasotzen den, horrek ere zehaztuko du irabazleek jasoko duten kopurua.

Enpresa eta norbanakoak

Funtsa 50.000 eta 100.000 euro artekoa izatera iristea espero dute bultzatzaileek. Orain arte 15.000 euro bildu dituzte. EKE eta Scene Nationalek ezarritako diruaz gain, enpresa eta norbanakoei ere zabaldu diete deialdia dirua eman dezaten.

Enpresa zein norbanakoek funts horretan jarritako diruaren %85 berreskuratzeko aukera dute zergen bitartez. Ekimen honek duen berritasuna eta interesak funts pribatuak erakartzea espero dute antolatzaileek.

Kultura funts hau EKE garatzen ari den Hogei'ta programaren barnean sortu dute. Gazteak euskal kulturaren aktore eta berritzaile bilakatu nahi ditu label honek.

p050_f01.jpg

Dokumentuaren akzioak