Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ekainean Seguran egingo duten Gazteen Dantza Topaketarako izen-ematea zabalduko dute

Dokumentuaren akzioak

Ekainean Seguran egingo duten Gazteen Dantza Topaketarako izen-ematea zabalduko dute

Ekainaren 27tik 29ra Gazteen Dantza Topaketa egingo dute Seguran. Dantzarako eta belaunaldien arteko erreleboaren inguruko hausnarketarako eta «esperientzien trukerako» hitzordua izango da. Astearte honetan, online informazio-saio bat egingo dute.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2025/02/17
Lotura
Naiz
Dantzari gazteak Nafarroako Dantzari Egunean, artxiboko irudian.
Dantzari gazteak Nafarroako Dantzari Egunean, artxiboko irudian. (Aurore LUCAS)

Ekainaren bukaeran Euskal Herri osoko dantzariak bilduko dira Seguran, III. Gazteen Dantza Topaketan. Ekainaren azken asteburuan ospatuko da, hilaren 27an hasita eta 29ra arte. Ekitaldia antolatzen duen Euskal Dantzarien Biltzarrak eman berri du hirugarren edizio honen inguruko hainbat xehetasun.

Aurreratu dutenez, hamabost eta hogeita bost urte bitarteko ehun gazte baino gehiago bilduko ditu ekimenak Seguran. Hitzorduaren helburuen inguruan, zehaztu dute, gainera, herrialde guztietako gazteak deituta daudela eta topaketak «dantza tradizionalaren belaunaldien arteko erreleboaz hausnartu» eta «komunitate sentimendua indartzea» duela helburu.

Izena emateko epea otsailaren 24an zabalduko dute eta martxoaren 21era arte egongo da zabalik. Gainera, online informazio saio bat egingo dute astearte honetan bertan (hilak 18), «ekitaldiaren funtzionamendua azaltzeko eta zalantzak argitzeko». Iluntzeko 20.30etik aurrera izango da.

Hitzordu honen atarian, gogoratu dute, bestalde, 1965ean jaio zela Euskal Dantzarien Biltzarra, «Euskal Herriko dantza, musika eta ohiturak mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko helburuarekin», eta zehaztu dute «diru asmorik gabeko elkarte soziokulturala» dela, «euskal dantzak sustatu eta babesteko helburua duena».

 

Dokumentuaren akzioak