Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ekainaren 16an izango da Seguran dantza txapelketa

Dokumentuaren akzioak

Ekainaren 16an izango da Seguran dantza txapelketa

Euskal Herriko 26. Dantza Txapelketa hilaren 15 eta 16an jokatuko da

Egilea
Amagoia Jalon
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/06/08

Urtero legez, Euskal Herriko dantzari eta dantza zaleak Seguran bilduko dira Euskal Herriko Dantza Txapelketa ikusteko, eta aurten ekainaren 15 eta 16ko asteburuan jokatuko da Baratze pilotalekuan. Izena emateko epea itxi gabe, 23 bikotek izena emana zuten atzo, gehienak gipuzkoarrak. Larunbateko finalerdian guztiek dantzatu beharko dute fandangoa txistuz eta arin-arina trikitixaz, eta finalera pasatzen diren hamabi bikoteek beste horrenbeste egin beharko dute igandean, arratsaldeko seietatik aurrera.



Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 26. ekitaldia aurkeztu zuten atzo Donostian Segurako alkate den Luis Mari Telleriak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaile den Joxe Juan Ugaldek, EITBren ordezkari moduan Jose Mari Iriondo kazetariak eta Nestor Basterretxea eskultoreak.



Urtez urte txapelketak «sona eta izen handiagoa» lortu duela nabarmendu zuen Telleria alkateak eta epe horretan gipuzkoarren presentzia besteekiko nabarmendu egin da antolatzaileen esanetan. Horregatik, aurtengoan ere beste herrialdeetako dantzariei parte hartzeko deia egin diete, Seguran Euskal Herri osoko bikoteak izateko. Hiru aldiz jarraian edo bost urtetan txandaka irabazten duen bikoteak Basterretxearen eskultura emango du etxera.



Herriarentzat obra

A.J.



DONOSTIA



Nestor Basterretxeak lehenengo urtetik eduki du harremana Segurako Dantza Txapelketarekin eta hasieratik saria bere eskultura bat izan da. Azkena iaz burutu zuen, Zilarrezko Ezteiak ospatzeko, eta hori guztia «bazkariren baten truke, asko jota», adierazi zuten antolatzaileek. Hori dela eta, herrian eskultura handi bat jartzeko aukera eskaini zioten eta eskultoreak atzo erakutsi zuen egin duen proiektuaren marrazkia. Basterretxeak burdinazko xafla handiak erabili ditu Segurako harresiak irudikatzeko, eta lantza batzuk «defentsa moduan», azaldu zuen. Oraindik zehaztu gabe dago non jarriko duten eta zein tamaina izango duen.

Dokumentuaren akzioak