Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ehundaka dantzari erromerian

Dokumentuaren akzioak

Ehundaka dantzari erromerian

Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
1999/07/09

«Dimentsio nazionalekoa» izango da Erromeria Eguna, Euskal Herri osotik jendea espero delako, esan zuen atzoko aurkezpenean Jon Maia dantzari eta antolatzaileak.

Euskal Dantzarien Biltzarreko Joxe Joan Ugaldek esan zuenez, azkenaldian hogeita hamabost herri eta hiritan izan dira dantza-ikastaroak batez ere arin-arin, fandango eta ingurutxoak irakatsi direlarik. «Mila lagun pasa dira ikastaro horietatik, eta horiek denak espero ditugu Errenterian datorren astean», azaldu zuen. «Zahar, gazte, erdipurdiko, denek dute hitzordua Errenterian hilaren 17an», gaineratu zuen.

Erromeria Egunaren helburua «hiltzeko zorian dagoen usadio bat berreskuratzea» da. «Galzorian, hiltzeko zorian dago erromeria. Bilera esaten zioten garai batean, eta hitz egokia da, jendea bildu egiten baitzen hizketa eta dantzarako», esan zuen Ugaldek. «Kontraesana ere badago: gurea hain herri dantzazalea izanik, oso gutxitan egiten da orain dantza tradizionala. Eta egiten dena, oholtza gainean gehienetan, erakustaldi gisa. Ahalegin berezi bat egin zen euskara eta trikitixa berreskuratzeko; dantza errekuperatzeko, ordea, ez da hainbeste egin».

Datorren asteko larunbatari dagokionez, goizean kalez kalekoa egingo dute ehun laguneko hiru dantzari taldek. Gero, eguerdiko 12.30etan, halako erakustaldi kronologiko bat egingo da, adin guztietako dantzari batzuekin. Urratsek, musikek eta jantziek izan duten eboluzioa ikusi ahal izango da bertan. Eta arratsalde partean izango dira ekitaldi printzipalak, erromeriak alegia.

Adin guztietako zazpi trikitilari bikotek joko dute bertan, hala nola Laja eta Landakandak eta Iparragirre.

Dokumentuaren akzioak