Dokumentuaren akzioak
Ehun itzuli Kutxari arrantzaleen egunik handienean
Atzoko Santiago eguna lan eguna izan zen hondarribiar gehienentzat. Ez ordea Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiko arrantzaleentzat. Izan ere, egun honetarako etenaldia egiten dute hegaluzearen arrantza sasoian eta Kutxa Entregaren jaia, urteko jai handiena dutena, ospatzen dute.
Jatorria mendeetan atzera duen jai honetan, arrantzaleen alaba den emakume gazte batek, Kofradiko erlikiak eta kontu-liburuak barruan dituen 17 kilo inguruko Kutxa buruan eramaten du, Arrantzaleen Hermandadeko egoitza historikotik irten eta Jasokundeko Amaren parrokiraino. Han, sakristian, urteko arrantza eta diru-kontuen berri ematen du Kofradiko idazkariak eta ondoren, kofradeak Hermandadera bueltatzen dira.
Musika jartzen duen Hondarribiko Musika Bandaren atzean, arraunak daramatzaten gazteak joaten dira segizioan buruan. Hauen ondoren, atzo, Kutxa buru gainean zuela, Itsaso Emazabel, 22 urteko gaztea zegoen.
urduri, hasieranSan Pedro kalea leporaino betetzen zuen jendetzaren txalo zaparradak eta ibilbide osoan gertu izan zituen koadrilako lagunen eta sendikoen animoek, indarrak eman zizkioten Emazabeli. “Hasieran oso urduri egon naiz, baina ateratzerakoan, jendearen txalo eta lagunen animoen artean, urduritasuna alde batera utzi eta disfrutatzea izan da nire helburua”, esaten zuen Itsaso Emazabalek, parrokirainoko ibilbidearen bueltako lanak amaitu ostean.
Gaztearen atzean, bere osaba duen Norberto Emazabel, Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiko Abate Nagusia, Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea, Arantza Tapia eta Cristina Uriarte, Garapen Ekonomikoko eta Hezkuntzako sailburuak, eta kofradiko kide diren arrantzale patroiek osatu zuten segizioa.
Parrokian, Viktoriano Etxabe erretoreak egin zien harrera, eta hango sakristian, Andres Olaskoaga idazkariak iazko arrantza eta diru-kontuen laburpena egin zuen.
Zehazki, 2017. urtean eta laburbilduta, “Hondarribiko arrantzaleak aurrekoan baino 1,75 milioi kilo arrain gehiago harrapatu zituzten eta honek, 2016an baino 3,68 milioi euro gehiagoko diru-sarrerak ekarri zituela” azaldu zuen Olaskoagak.
itzulien konturaBehin urteko laburpena irakurrita, segizioa, Itsaso Emazabel Kutxarekin aurrean zuela, Hermandadera bueltatu zen.
Aspaldian Kofradiaren egoitza izan zen eraikinera berriz sartu aurretik, Kutxa buruan daraman gazteak itzuliak ematen ditu, eta Hondarribian badira sinesten dutenak zein sinesten ez dutenak ere, Kutxari zenbat eta itzuli gehiago eman, urte horretako arrantza hobea izango dela.
Itsaso Emazabelek, atzo, bero hezea egiten zuen arren, jendearen eta lagunen animoen artean, Kutxarekin ehun itzuli eman zituen. “Gustura aurkitu naiz eta zenbat neramatzan galdetzen joan naiz. Ehunera iristean, gelditzea erabaki dut”, esaten zuen gazteak, “hunkigarria eta oso berezia” izan zen ekitaldia amaitu ostean.
Bere osaba eta Kofradiko Abate Nagusia, Norberto Emazabel, “pozik” zegoen, “bai aurtengo arrantzaren martxarekin, bai iloba Kutxarekin ikusteaz” eta gaineratzen zuen: “Arrantza hain ona ez denean, Kutxaren itzulietaz gogoratu ohi dira ba-tzuk, baina arraina nahikoa dagoenean, nork emango lioke garrantzia itzulien kopuruari?”
Parrokira sartzen, Hermandadetik Alde Zaharrerako ibilbidea egin ondoren.
Dokumentuaren akzioak