Dokumentuaren akzioak
EHUko udako ikastaroen barruan lehen aldiz euskal dantzak eskainiko dituzte, Jon Maya dantzariak gidatuta
Bilbo, Bizkaia. Jon Maya
Errenteriako Kukai Dantza Konpainiako dantzari eta irakasleak
gidatutako euskal dantza tradizionalei buruzko ikastaro berriak hiru
mintegi edukiko ditu. Lehenengoan, 'Gure iturriak ezagutzen', Kepa
Artetxek, Larraitz Artetxek eta Sabin Bikandik Bizkaiko Jota Zarraren
garapenari buruzko ikerketa azalduko dute. Ikastaroa azalpen teoriko
txiki batekin hasiko da, eta ondoren praktikara bideratuko da.
'Tradiziotik abiatutako sormena' deritzon bigarren mintegia Juan
Antonio Urbeltz antropologoaren esku egongo da. 40 urteko ikerketa
bidea egin du Urbeltzek, eta azken urteetan Argia dantza taldearekin
tradizioan oinarritutako bere sorkuntza lana aurkeztuko du: bere
esperientzia, bere sormenaren zergatia...
Katalunia, lurralde gonbidatua
'Atzerriko ereduak ezagutzen' mintegiak beste dantza tradizional
ereduen garapena ezagutzen lagunduko die parte hartzaile guztiei.
Aurtengo lurralde gonbidatua Katalunia izango da. Hitzaldi eta praktika
sesio batekin, Joan Serra honako arlo hauetaz mintzatuko da: Katalunian
nola txertatzen duten dantza tradizionala derrigorrezko hezkuntzan,
nola antolatu duten posgrado bat Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan,
nola antolatzen dituzten Udako Ikastaroak urtero...
Euskal dantza tradizionaletan izena emateko epea astelehenean hasten da
eta ekainaren 13ra bitartean egongo da irekita. Partaide kopurua 20
pertsonetakoa da eta matrikularen prezioa 10 eurokoa ikasle eta
langabezian dauden pertsonentzat, eta 15 eurokoa bi mintegietan izena
emanez gero. Hirugarren mintegia doanekoa da. Beste pertsona guztiek,
ordea, 20 euro ordaindu beharko dute mintegi bakoitzeko edo 30 euro bi
mintegietan izena emanez gero.
Jon Maya dantzari eta irakasleak hartuko du euskal dantzen ikastaroaren ardura (argazkia Kukai)
Dokumentuaren akzioak