Dokumentuaren akzioak
Eguraldiak ere bat egin zuen
Beste urte batzuetan ez bezala, eguraldiak bat egin zuen atzo Erromeria Egunarekin. Hori dela eta, Ereintza dantza taldeak bederatzigarren urtez antolatutako jaiak biribila izateko osagai denak izan zituen: lainotsu baina ateri egon zen eguna; dantzarako gogoz zegoen jende asko eta dantzariek behar zuten musika jartzeko prest bertaratu ziren musikari eta taldeak. Eguerditik iluntzera, giroa herriko gune askotara joan zen hedatzen, Foruen eta Herriko plazetatik abiatuta eta Gamon Zumardira, Ereintzako emakumeen soka dantza tarteko, ikusle ugari erakarri ostean. Beti bezala, dantzarien eta musikarien trebeziagatik ez ezik parte-hartzaileen jantzi oso zainduengandik izan zen ikusgarria Errenteriako kaleak musikaz, dantzaz eta euskal kutsuko giroz bete zituen festa.
Dokumentuaren akzioak