Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eguraldi txarra, baina jai giro alaia oilasko jokoan

Dokumentuaren akzioak

Eguraldi txarra, baina jai giro alaia oilasko jokoan

Goizean goiz hasita baserriz baserri ibili ziren partaideak

Egilea
Unai Urreaga
Komunikabidea
Tolosaldean Egunero
Tokia
Amasa
Mota
Albistea
Data
2002/11/08

Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, umore onean ospatu zuten atzo amasarrek Gazte Eguna. Goizean goiz elkartu ziren partaideak, baserritarrez jantzita, Villabonan gosaltzeko. Suziri eta trikiti hotsek zer egun zen akordatzen ez zirenei gogora ekarri zieten amasarrak euren egun handia ospatzen ari zirela.



Hortik aurrera baserriz baserri abiatu ziren, festa giroan, bertakoek ematen zizkieten oilasko, jaki eta abar biltzen. Musikariek lagunduta ibili ziren bi taldetan banatuta, eta arratsaldeko lehen orduan denak elkartu eta Uxo-Toki Elkartean bazkaldu zuten.



Aspaldiko ohitura da jai hori ospatzea eta urtero legez ostegunean ospatu zuten. Beti hala egiten da, San Martin eguna ostegunean egokitzen ez bada behintzat. Horrela izanez gero, amasarrek asteazkenera aurreratzen dute festa.



Arratsaldean, goizean bildutako oilaskoei lepoa mozteko unea iritsi zen. Jende ugari bildu zen frontoian eta urteroko ohitura errepikatu zen; oilaskoa bizirik kaxa batean sartu eta gazteak begiak itxita dituela oilaskoari lepoa moztu. Ondoren partaideek soka dantza dantzatu zuten plazan bildutakoen aurrean.



Gauean, berriz, urtero moduan egunean zehar bildutako oilaskoak jan zituzten Arantzabin. Ondoren dultzaineroekin erromeri moduko bat egin zuten eta jaia goizaldera arte luzatu zen urtero moduan.



Gaur umeak protagonista nagusiak



Baina jaiak hasi besterik ez dira egin oraindik. Gaur umeak izango dira protagonista. Arratsaldean txikienek urteroko hitzordua izango dute Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoekin. Ondoren, txokolatea banatuko zaie. Iluntzean, berriz, XI. Bakailao Lehiaketa izango da.



Partaideek Uxo-Toki Elkartean eman behar zuten izena eta guztira hamabost bat partaide izango dira. Antolatzaileek bakoitzari eguerdian banatuko die prestatu beharreko bakailaoa eta iluntzean bakoitzak prestatuta aurkeztu beharko du epaileek onena zein den erabakitzeko. Behin hori jakindakoan, bertan bildutakoeik emango zaie sagardoarekin lagunduta. Gauean M-n Ezten taldearen emanaldia izango da.

Dokumentuaren akzioak