Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Egunez eta gauez, haien erritmoan dantzatzeko

Dokumentuaren akzioak

Egunez eta gauez, haien erritmoan dantzatzeko

Udaberri Dantza Taldeak, Dantzari Txikia eta Erromeria antolatu ditu larunbaterako. 350 haur inguru bertaratuko dira, eta aurten, arratsaldeko saioan izango da berrikuntza.
Egilea
Josu Artutxa
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Mota
Albistea
Data
2019/04/10
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Egunez eta gauez, haien erritmoan dantzatzeko

Dagoeneko badira 62 urte Udaberri Dantza Taldea sortu zela. Beti izan dute helburu bakartzat euskal kulturaren zati garrantzitsua den dantza landu, ezagutarazi eta gizarteratzea. Horregatik, guztientzako egun borobila antolatu dute larunbatean, «bi ekimen desberdin izanik ere, herria euskal doinu, dantza eta tradizioz betetzeko asmoz».

Batetik, Tolosako Dantzari Txiki eguna antolatuko dute, hamalaugarrenez, Euskal Herri osotik taldeak datozelarik: Arabatik Amurrioko Aiara, Bizkaitik Galdakaoko Andra Mari, Lapurditik Hendaiako Akelarre, Nafarroatik Iruñeko Muthiko Alaiak eta Berako Gure Txokoa, Nafarroa Beheretik Donibane Garaziko Garaztarrak eta Gipuzkoatik Errenteriako Ereintza eta Oiartzungo Haurtzaro arituko dira, etxekoekin batera. «Gutxi gorabehera, 350 haur inguru etorriko dira, eta begirale eta musikariak batuta, 400 lagun izango gara».

11:00etan hasita, Tolosako Alde Zaharrean nahiz erdigunean ibiliko dira dantzak eskaintzen. Eguerdian, talde guztiak Plaza Berrian elkartuko dira, elkarteetara bazkaltzera joateko. «Talde desberdinetako kideen arteko loturak sendotzea da asmoa». Taldetik adierazi dutenez, «eskertza berezia egin nahi genieke laguntzeko boluntario gisa agertu diren Guraso Batzordeko kideei eta elkarteetan bazkariak prestatuko dituzten herritarrei».

Arratsaldean, 16:30eak aldera, «emanaldi berezia» izango da Plaza Berrian. «Aurten, aldaketa bat izango da. Orain arte, etorritako talde bakoitzak bere dantzak eskaini izan dizkigu. Larunbatean, ordea, plaza dantzak egiteko aukera izango da, taldeko fanfarrearen laguntzaz. Berez, haurrentzako zabalduko da deia, baina helduren batek dantzatu nahi izanez gero, ongi etorria izango da». Euria eginez gero, goizeko eta arratsaldeko saioak, San Frantzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko frontoi estalian egingo dira.

Dantza gehiago, Erromerian

Dantzari Txikia amaituta, helduentzako euskal festa hasiko da, erromeriarekin. «Aurrez, fanfarrearekin batera, poteoa egingo dugu Plaza Zaharretik abiatuta, 19:00etan. 21:00etan, Zerkausian bilduko gara, lagun giroan afaltzeko. Ondoren, erromeria izango da Laiotz taldearen eskutik. Fandangoa eta arin-arinak, jauziak, plaza dantzak edota larrain dantza ez dira faltako».

«Herri guztiari irekia izango den ekimenera, euskal giroa atsegin duten guztiak daude gonbidatuta». Afarirako txartelak 15 euroren truke eros daitezke, Ikatza, Xirimiri, Asteasuarra eta Orbela tabernetan. Derrigorrezkoa ez bada ere, afarira baserritarrez jantzita joatea eskatzen dute. «Bestela, jantzi gabe datorrena, jantzita dagoena baino nabarmenago geratuko da».

Ospakizuna elikatuz

Komunikazioari dagokionez ere, lanean hasiak dira taldeko kideak. Batetik, spot-a kaleratu zuten. Bestetik, Zerkausian bertan, photocall bat jarriko dute, argazkiak atera, eta bertaratuek oroitzapen bat gorde dezaten. Azkenik, euren lana eta egunean egunekoa zabaldu asmoz, sare sozialei garrantzia eman nahi diete. «Horretarako, egun honekin erlazionatutako edozein eduki, bi traolez lagunduta publikatzeko eskaera egiten dugu. Batetik #DTErromeria19 eta bestetik, #GureErritmoan». Horrela, urtetik urtera geroz eta arrakastatsuagoa izaten den eguna are gehiago elikatzea nahi dute.

Dokumentuaren akzioak