Dokumentuaren akzioak
Egun nagusia ospatuz agurtuko dituzte Karmen jaiak markina-xemeindarrek
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea, Goiko Portalean dantzariekin dantzan.
Jaietako azken txanpan sartu dira gaur [uztailak 16] markina-xemeindarrak, eta egun nagusiagaz agurtuko dituzte karmenak. Egun berezia izaten da Karmen Eguna herritarrentzat, usadioz betea, eta giro ederrak lagunduta, asko izan dira gaur ere urteroko hitzorduetara hurreratu diren herritarrak. Dotore jantzi dute udaletxea ere, Markina eta Xemeingo armarriekin apaindutako banderekin, eta ikurrina ere balkoian egon da.
Txistularien kalejiragaz esnatu da herria egun handirako, eta Karmengo elizako mezaren ondorengo aurreskuari ere doinua jarri diote txistulariek. Xemein Abesbatza kantuan entzuteko aukera ere eskaini du goizak. Urtero modura, mezatan abestu dute.
Zerutxu dantza taldeak Aurreskua eta soka dantza eskaini ditu herriko agintarien aurrean. Luis Egurrola Arakistain Markina-Xemeingo alkatea eta Idoia Arrieta Arregi, Amaia Larrañaga Ugarte, Luis Mari Malaxetxebarria Elordi, Alexander Aretxabaleta Egia, Aitor Odiaga Garate, Isa Mandiola Zuazo, Eneko Arrate Sololuze, Leire Markuerkiaga Olabe zinegotziak batu dira udaletxearen atarian aurreskua ikusteko. Goiko Portala bete egin du berriz ere, dantzaldiak. Zerutxuko mutil nagusiek egin dute Karmen Eguneko aurreskua urtero modura, baina aurten alkatea batu zaie dantzara. Goiko Portalari lehen bira emanda, dantzarien hilarara batu da Egurrola aurreskua dantzatzeko, eta txalo zaparradaz erantzun diote ikusleek. Arrieta zinegotziak ere parte hartu du ondorengo soka dantzan, Zerutxukoek dantzara gonbidatu dituzten beste emakume batzuekin batera.
Kontzertua, Arkupean. Antxia dorrearen parea agertoki bihurtu da beste behin ere, bertan jo duEuskadi Brass Bandak eguerdian. Errepertorio anitza eskaini dute, eta beroa ez dela jotzeko egokiena esan badute ere, kontzertu bikaina eskaini du beste behin ere metal taldeak. Gaur asko izan dira zutik kontzertua jarraitu duten entzuleak. Izan ere, gerizpearen bila ibili dira, eguzkipetik ihesi.
Bestalde, artisautza azoka egon zen Zelaian Eixu Artisau Elkartekoen eskutik. Azoka zabalik egon da goiz eta arratsalde, eta bertara gerturatu direnek artisautza ezberdinak aurkitu dituzte: keramika, zura, ukenduak, bitxiak, eskuz margotutako artikuluak, zilarra, larrua, panpinak, txalapartatxoak…
Egitarau zabalagaz gozatzen jarraituko dute markina-xemeindarrek, Alarabiri agur esan arte. Hiru txirlo botaldia egon da arratsaldean Uhagonen, bai eta urteroko bertso saioa ere, eta Karmen Egunari dagokion legez, profesionalen zesta-punta partiduak egon dira Pilotaren Unibertsitatean, Master Series txapelketako finala.
Dokumentuaren akzioak