Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Egia dantza sortzaileen erakusleiho bihurtuko dute asteburuan

Dokumentuaren akzioak

Egia dantza sortzaileen erakusleiho bihurtuko dute asteburuan

Sortutakoak dantza jaialdiaren bigarren ekitaldia Gazteszenan eta Reflex espazioan egingo dute ostiralean eta larunbatean.
Komunikabidea
Donostiako Hitza
Mota
Albistea
Data
2014/02/13
Lotura
Donostiako Hitza

Dantzaguneak hainbat sortzaileren lanak ekarriko ditu Egiara Sortutakoak jaialdiaren bidez. Gipuzkoako Aldundiak dantza sustatu eta zabaltzeko abian jarri zuen zerbitzua da Dantzagunea. 2011n sortu zuten, eta ordutik dantza proiektuak bultzatzeko erresidentzia programa bat zuzendu dute.

Sortutakoak jaialdia, hain zuzen, erresidentzia programa honetan sortzen diren lanentzako erakusleihoa da. Iaz estreinatu zuten jaialdia, eta Guardetxean eta San Telmo Museoan erakutsi zituzten hainbat koreografo eta sortzaileren lanak. Aurten, jaialdiaren bigarren ekitaldia Egian egingo dute, Reflex espazioan eta Gazteszenan. 2013an Dantzaguneak babestu zituen lan horiek taularatuko dituzte.

Bihar, ostirala, Xabier Iriondoren Homing proiektua ezagutzeko aukera izango dute ikusleek. Filmotivek ekoiztutako film labur bat da. Otso talde batean hazitako neskatila batek bizitza basatitik gizarte-bizitzara egiten duen bidaia kontatzen du lan honek. Egia kaleko Reflex espazioan izango da emanaldia, doan, 20:00etan.

Larunbatean, Gazteszenan, Sortutakoak programan zehar igarobideak liburua – Dantzagunearen egonaldi artistikoetan aukeratutako proiektu horien ibilbidea jasotzen duena- eta Aurtzaka taldearen Sanjoanetako neskatxen eskudantza Beasainen bideoa aurkeztuko dituzte 19:00etan. 2014ko erresidentzia programen lehen deialdian hautatako dituzten bi proiektuak ere iragarriko dituzte. Gazteszenako agertokian bertan, 20:00etan, Sortutakoak programaren egonaldian izandako dantza garaikideko hiru koreografia interpretatuko dituzte. Eneritz Zeberio Artetxek On obra taularatuko du; Alioune Diagne sortzaile senegaldarrak This Line Is My Path bakarkako lana dantzatuko du; eta Lasala konpainiako Judith Argomaniz eta Jaiotz Osak Hooked (Still) aurkeztuko dute.

Dantzagunearen lehen bi urtean ehun bat proiektu aurkeztu ziren, eta hautaketa batzordeak hamabi aukeratu zituen. Irabazle bakoitzak 1.500 euroko dirulaguntza jaso du, eta Artelekun areto bana eman diete aldi baterako. Dantzaguneak, ordea, Arteleku uzten ari da pixkanaka, martxoan Errenteria-Oreretako Niessen zentrora joango da-eta. Bitarte horretan, Donostia Kulturak Gazteszenako aretoak utzi dizkio Dantzaguneari.

http://irutxulo.hitza.info/files/2014/02/homing1web.jpg

Irudian, Xabier Iriondoren ‘Homing’ film laburra.

Dokumentuaren akzioak