Japonieraz, Hakanai kontzeptuak hauskorra den horri egiten dio erreferentzia, iheskorra, iragankorra den horri. Gizakiaren muinaz ari da, idatziz «gizakia» eta «ametsa» esan nahi duten karaktere grafikoak batuz osatzen baita. Ametsa eta errealitatearen artean, gizakiaren natura hauskorra du abiapuntu, hortaz. Dantzaria oihalez bildutako kubo garden batean agertzen zaigu, eta oihalotan animaziozko irudiak islatzen dira. Gorputzak irudi horiekiko erreakzionatzen du, irudi horiekin jolasten, horien artean biltzen eta murgiltzen da. Testuinguruan jartzearren, lan hau Zinetika-ren baitan kokatu behar dugu: dantza, zinema eta teknologia berrien uztartzea esploratzen duen jaialdia. Alde horretatik, kutxaren oihaletan mugimenduan islatzen diren irudi digitalek, soinuen efektuekin bateratuta, begiarentzat deigarria den espektakulua osatzen dute; dantza-ikuskizun batean berritzailea dena, dudarik gabe. Lanaren deskribapenean ez da teknologiarekiko aipamenik ageri, kontatu nahi denarentzat bitarteko bat izango balitz bezala, baliabide bat. Ikusle gisa, ordea, erabilitako teknologiak nire arretaren parte handi bat bereganatu du, baliabide izatetik eduki izatera igaroko balitz bezala. Izan ere, espazioan halako talka, nagusitasuna eta zarata (bai bisualki, bai soinu aldetik ere) eragiten duten efektuek dantzariaren gorputza itzalean utzi dutela iruditu zait, behin baino gehiagotan. Ezin izan dut sentitu gorputza bere haragi-azalean, arnasaren hatsa, izerdiaren dirdira... Hori bai, biak (teknologia eta gorputza) modu organiko eta orekatuan bateratu direnean, ederra izan da. Kontu honek hausnartzera eraman nau, kritika honen muina bihurtzeraino. Gizakia efektuen kutxan ikusi baitut: muga horietan gatibu: bertako argiekin, hitzekin, irudiekin... elkarrizketan. Batzuetan jolasean, bestetan borrokan, liluratuta, larrituta... denak gainezka egingo diolakoan, hainbatetan. Beharbada hori izango da, gizakiaren hauskortasuna islatu nahi izan duten honetan, teknologiari lotutako auziarekin lotzen gaituena: ez ote gaude efektuen kutxan harrapatuta?
Dokumentuaren akzioak
Efektuen kutxan
Dokumentuaren akzioak