Zer da Amama?
Dantza ikuskizuna da, eta zazpi herrialdeetako ipuinak kontatzen ditu, euskal dantzetan oinarritutako koreografien bitartez. Familia guztiari zuzendutako saioa da, eta egokia da 4 urtetik gorako umeentzat.
Aukeran konpainiak 30 urte beteko ditu 2027an, eta, lehen aldiz, umeen munduan murgildu da Amama-rekin. Zer dela-eta erabaki duzue erregistro berri batean jardutea?
Gure konfort-zonatik atera nahi genuen, eta bestelako ikuskizuna sortu.
Lan handia izan da umeen munduari hurbilketa hori egitea?
Lan handia izan da, bai, izugarrizko erronka. Zerbait berezia eskaini nahi genuen, ez bakarrik dantza, baizik eta ikuskizun ederra bere osotasunean. Umeentzako denez, lan errazagoa dela eman dezake, baina garbi neukan ikuskizun aparta sortu behar genuela, gastuei erreparatu gabe.
Zein izan da prozesu horren alderik gogorrena?
Hiru gauza aipatuko nituzke: umeen munduan murgiltzea, antzerkia egitea eta maskarekin dantzatzea.
Eta zerk eman dizue poztasunik handiena?
Umeen poztasunak: emanaldia bukatutakoan neska-mutil horiek nola ateratzen diren ikusteak. Gozatu egin dutela sumatzen dugu.
Zer-nolako ikusleak dira umeak?
Exijenteak eta zorrotzak. Ez bazaie zerbait gustatzen, segituan adierazten dute.
Lan nekeza da haien arreta mantentzea? Zer-nolako pisua daukate jantziek, musikak eta argiek horrelako saio batean?
Oso zaila da umeak adi egotea, baina, azkenean, askotariko diziplinak lantzen dituen saioa da: jantzi ederrak ditugu, maskarak erabiltzen ditugu ipuinak hobeto ulertzeko –azeria, txakurra, txoria, herensugea…–, kontakizunarekin zerikusia daukaten irudiak jartzen ditugu atzean, antzerkia dago, dantza, musika alaia… Gauza horiek guztiek umeen arreta gureganatzen laguntzen digute.
Zaila egin zaizu zure ohiko jarduna beste adin batera egokitzea?
Bai. Emanaldi horrek ez dauka zerikusirik orain arte egin dudan ezerekin, baina zortea izan dut, talde profesional bikaina dudalako ondoan, eta lana erraztu didate.
Diziplina askotariko esperientzia eskaintzeaz gain, badago umeei helarazi nahi diezun mezurik?
Bai, ikuskizunaren helburua haurrak dantzaren mundura erakartzea da, haiek dira-eta dantzaren etorkizuna.
Ohikoak dira horrelako ikuskizunak, dantza eta haurtzaroa uztartzen dituztenak?
Ez dira ohikoak, baina poliki-poliki horra bideratu behar ditugu, esan bezala gure etorkizuna direlako.
Aurrera begira, umeen ikuskizunak lantzeko bide horretan jarraitzeko asmoa duzue?
Ez nuke ezetz esango, baina gaur egun konpainiak daukan erronkarik handiena da maiatzaren 14tik 17ra bitartean egingo den Leioako Umore Azokan aurkeztuko dugun ADK 3.7 Dualtasuna kale-ikuskizuna prestatzea. Horrez gain, datorren urtean gure 30. urteurrena behar bezala ospatu nahi dugu, eta, hain zuzen ere, prestaketa-lan horietan ere buru-belarri gabiltza.




