Dokumentuaren akzioak
Edalontzi artean dantzatzen
Dantza 'Correria' eta 'Agwa'
Correria izeneko piezan argi geratu zaizkigu Companhia Urbanaren
jatorri kaletarra eta akrobaziarako gaitasuna: espero zen bezala,
ikusgarriak izan dira airetiko itzulipurdiak, buru gaineko bira
izugarriak eta energia erakustaldiak. Baina haiekin batera oso
interesgarriak izan dira beste elementu batzuk, hala nola erritmoak
gorputzarekin behegainean markatzeko joera, bikoteka egindako eskultura
erdi estatiko erdi dinamikoak eta, beste ezeren gainetik,
mugimendu-abiadura desberdinak konbinatzeko era. Bidaia horretan
soinu-banda aberatsak gidatu ditu ikusleen emozioak, eta magrebtar
kutsuko doinuek inguratu gaituztenean heldu da proposamena bere
tontorrera. Hortik aurrera erabili dituzten oin artifizialekin, ordea,
efektu politak sortu dira, baina azken zati horiek collage sentsazioa
areagotu dute eta galbidean jarri da ordura arteko lana.
Gaualdiko bigarren atalean -Agwa- Rio de Janeiroko faveletako
praka laburrak jantzi dituzte dantzariek, baina ur edalontziak izan
dira protagonistak, haiekin dorre ezegonkorrak, lerro paralelo
perfektuak, suge malgu luze-luzeak eta ur zorrotada jostagarriak egin
dituztelako, batucada estiloko erritmopean eta itzelezko indarra eta
koordinazioa erakutsiz edalontzi artean dantzatzean.
Bigarren koreografia honetan ugariak izan dira txantxa
eszenikoak, eta dantzarien ukabila zarratuek eta gorputz enbor biluziek
ezin hobeto adierazi dute indar maskulinoaren edertasuna. Gainera,
koreografiaren diseinua bestea baino askoz trinkoagoa izan da eta
ikusleok pare bat aldiz eten dugu emanaldia gure txalo zaparradekin.
Agurren unea ere gogoratzeko modukoa izan da, dantzariek behin eta
berriro oparitu dizkigutelako beren akrobaziak, beren irribarre gazteak
eta, zelan ez, dantza egiteak ematen dien bizipoza.
Taldea: Kafig eta Companhia Urbana de Dança. Koreografiak: Mourad Merzouki eta Diego Gonçalves Leao 'White'. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Otsailaren 20a.
Dokumentuaren akzioak