Dokumentuaren akzioak
Durangoko Aratusteetako musika kaleratu du Jaizale elkarteak
Inauterietarako sortutako musikak jasotzen dituen CDa aurkeztu zuten Durangoko liburutegian, atzo.
Egileek azaldu dutenez, "eskolei eta Durangaldeko kultur elkarteei begira" kaleratu dute, batez ere, CDa. Duela hamarkada bat Durangoko inauterietarako propio sortu zituzten hiru abestiak, txistu, trikitixa, soinu, biolin, tronpeta, tronboi eta bonbardinoagaz grabatu dituzte CD berrirako. Surrandien eta Hartzaren konpartsaren biharko kalejiran ipiniko dute, CD berria salgai.
Kriskitin taldeak Surrandien konpartsa lehenengoz kalera atera zuenetik, Durangoko inauteriak berreskuratzeko ahaleginari doinua ipini diote Jaizale txistulari elkartekoek: Tabira Bandagaz batera atera izan dira kalejiran.
Durangoko hainbat musikari eta letragilek kolaboratu zuten Jaizalegaz 2000 eta 2001 urteetan CD honetan jasotako Durangoko inauterien kantak sortzeko: Jesus Egiguren, Ane Belaustegi, Ander Erzilla, Ixone Aroma eta Unai Iturriaga aritu ziren, besteak beste, lanean.
Urtean behin, inauterietan, kalez kale zabaltzen dituzten doinuak urte guztian entzungai izango dira grabazio honi esker.
Dokumentuaren akzioak