Dokumentuaren akzioak
Durangaldeko Ezpatandatzari Eguna larunbat honetan ospatuko da Abadiñon
Durango, Izurtza, Garai, Iurreta eta Berrizko taldeak izango dira parte hartuko dutenak, Gerediaga elkarteak jakinarazi duenez
Antolatzaileek nabarmendu dute "egun garrantzitsua" dela Bizkaiko eta Euskal Herriko foklorezaleen artean Durangaldeko hitzordua. Izan ere, kontuan hartzekoa da "Dantzari dantza" edota "Bizkaiko Ezpatadantza" izenarekin ezaguna den dantza multzoa, Durangaldeko sei elizateetan iraun duela mendeetan zehar (Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz eta Garain). Gero, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Bizkai osora zabaldu zen.
Larunbateko ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da Matienako Laubideta kalean, kalejira batekin. Gerediagako ermitara igo eta Dantzari dantza egingo dute bederatzi taldeek Soka dantzarekin amaitzeko.
Aurtengo Ezpatadantzari Egunean Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideari egingo zaio omenaldia. Hamarkada luzez ekitaldiaren antolatzailea eta koordinatzailea izan da, eta Durangaldeko dantzen aldeko lanak sustatu eta partaidea izan da. Eguneko ospakizunak, Garaiko plazan lagun arteko afariarekin eta Ansorregi taldearen erromeriarekin amaituko dira.
Egun hau Gerediaga elkarteak Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Abadiñoko eta Garaiko udalen laguntzarekin.
Dokumentuaren akzioak