Larunbatean, irailak 23, Abadiñoko Zelaieta auzoan Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko da. Bertan, sei herritako 10 dantza taldek eta txistulariek parte hartuko dute eta helburua argia da: “Urteetan konturatu gara Dantzari-Dantzak edo ezpatadantzak gure eskualdean itzelezko indarra eta presentzia izatetik pixkanaka galtzen joan dala; eta Ezpatadantzari Eguna eta ondare honi indarra emateko Gerediagara joan ginen egun hau ospatzen laguntzeko eta aurrerago ere beste ekitaldi batzutan laguntzeko”, adierazi zuen Unai Esturo Iurretako dantzariak taldeko kideak.

Durangaldeko dantza talde ezberdinetako ordezkariez aparte, Gerediaga Elkarteko eta Abadiñoko udaleko ordezkariek prentsaurrekoa eskeini zuten atzo egitarauaren nondik norakoak azaltzeko. “Gerediaga Elkartea Durangaldearen orainaz eta etorkizunaz gogoeta egiteaz ere arduratzen da eta Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna berreskuratzen laguntzeko eskariarekin gerturatu zirenean ez genuen birritan pentsatu”, nabarmendu zuen Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak. Izan ere, zer nolako ondarea galtzen dabilen ohartuta, eskualdeko dantzari batzuk Gerediaga Elkartearen laguntzarekin Ezpatadantzari Eguna berreskuratzeko saiakera egingo da. Larunbateko erakustadian parte hartuko duten taldeak Abadiñoko Talde Batuak, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo Dantza Taldea, Durangoko Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alai, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alai eta Zornotzako Udabarri izango dira.

EGITASMOA

Abadiñoko San Trokaz plazatik kalejirarekin hasiko dute arratsaldeko 17.30ean eguneko ospakizuna. Probaleku aurreko parkinerako bidea egingo dute dantza taldeek Zelaieta zeharkatuz. Bertan, Dantzari-Dantzako 9 piezak dantzatuko dituzte eta egunari amaiera emateko, 20:30ean hasita, Oxabi taldearekin poteo musikatua egingo da tabernaz taberna.