Dokumentuaren akzioak
Dultzainaren arrimoan
Tradizioko doinu eraberrituak jaso ditu Aiko taldeak 'Bikaña' diskoan, danborraren laguntzaz
Aiko taldea sortu zenetik, dantzarako zaletasuna zabaltzeko lanean dabil Bikandi. Kaleratu duten zazpigarren diskoa da Bikaña, dultzaina soinuak grabaturik dituen bigarrena. Izan ere, 2008an, Kobreik! argitaratu zuten, dultzainaren Bizkaiko antzinako gaitaren interpretazio estiloa erakusteko asmoz.
Oraingoan
ere dultzaina da musikaren ardatz, danborrarekin bikotea osatuz. Lan
bilduma kaleratzeko bi «fitxaketa» egin dituzte, Jon Gaminde eta Martin
Ariztimuño dultzaina jotzaileak. Asier Garcia danbor jotzaileak
lagundurik aritu dira.
Rantxerak, zortzikoak, mazurkak,
habanerak, balsak eta halakoak dituen diskoa kaleratu dute, euskal ukitu
berriekin. Dultzaineroak zein danbor jotzailea oso gustura azaldu dira
egindako lanarekin: «Euskal Herrian betidanik jo izan den musika bildu
dugu, baina freskotasun handiarekin».
Dantza soinuak ahalik eta jende gehienarengana ailegatzea nahi dute, eta partiturak webgunean jarri dituzte (www.aikotaldea.com),
edonork eskura ditzan. Horretaz gain, Patxi Laborda Aiko taldeko dantza
maisuak diskoa ixten duen zortzi dantzaz osaturiko konposiziorako
proposatutako koreografia ere jarri dute webgunean. Tradizioan
oinarrituriko dantza berria da, bikoteka edo borobilean egiteko,
ingurutxoaren edo Lizarrako larrain dantzaren tankerakoa.
Zapatuan, Dantzazale Eguna
Urtero
ospatzen du Aiko taldeak Dantzazale Eguna. Zapaturako antolatu dute
aurtengo ospakizuna, Durangoko Landako azoka gunean. Herri bazkariaren
ondoren, Bikaña diskoaren aurkezpen erromeria egingo dute, baita
ohiko Aiko taldearen dantzaldia ere. Dantza gogoz daudenentzako
tradizioko guatekea ere izango da Plateruena kafe antzokian.
Aiko taldeko kideak Bikaña diskoa aurkezten. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak