Duguna dantza taldeak botako du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. “Oso pozik gaude, aitortza baten gisara hartzen dugu hau, hiriaren opari gisara gure 75.urteurrenean”, hunkiturik hartu du hitza Aritz Ibañez Dugunako zuzendariak. Dugunak 3.971 boto jaso ditu, botoen % 39 zehazki. San Juan de Dios atzetik, 3.466 boto jaso ditu.
Duguna, Fraile Anaiak aitariak, Amudisna elkartea, San Juan de Dios ospitalea eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa izan dira txupinazoa botatzeko hautagaiak eta ia botoen erdiarekin gailendu da Duguna dantza taldea. "Ez genuen espero hautagaitza aurkeztu zenean" aitortu du Ibañezek eta dantzari eta musikariei ez ezik herritarrei eman dizkie eskerrak; “75 urte hauetako soka dantza erraldoi honetan parte hartu duten dantzari guztiei eskeini nahi diegu”, azaldu du.
Oraindik ez dute erabaki nork botako duen zuziria baina Ibañezek aurreratu bezala, emakume bat eta gizon bat izatea nahi dute. Bitartean, urduritasuna hortxe mantentzen dute taldekideek. Unetxoa ordezkatuko duen jantzia ere aukeratu beharko dute txupinazoaren ordezkariek. "Askotan esan digute dantzarioi sanferminez jantzita goazela gure ohiko jantzia eramaten dugunean", azaldu du Ibañezek barre artean, eta auskalo hori izango da aproposena Udaletxe Plazako balkoira igotzeko.