Dokumentuaren akzioak
Dotore jantzi da Lekeitio San Pedroren omenez
Goizean goizetik hasi ziren ohitura zaharrak. Izan ere, dei eittekuekin esnatu dira lekeitiarrak. Aspaldi, etxerik etxe eta atez ate joaten zen arrantzaleak esnatzeko bakoitzaren izena abesti baten bidez ozen esanez, eta gaur oroitu zuten usadio hori. «Jaingoikoaren izenean esnatzeko» eskatu dute kalerik kale.
Lekitto Musika Bandak lagundu ditu udal ordezkari eta Kofradiako arduradunak gaur goizean mezatara, eta urtero legez, amaitutakoan, kalera atera dute San Pedroren irudia, elizatik porturaino prozesioan eramateko.
Portuko santuaren aurrekaldea jendez beteta egon da Kilin-Kalakoa ikusteko eta «aieneka» erantzun diote uretara jaurtitzeko itxurari.
San Pedropean, dantzatu du hasteko, Kaxarranka, Asier Uskolak, eta kofradia aurrean eta plazan ere eskaini du aintzinako dantza ikusgarria pausu bat ere galdu barik.
Uskola, baina, ez da izan gaurko dantzari bakarra. Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeko andrazkoek aurreskua dantzatu dute plazan, hainbat gizonezko bertara aterata.
Egun nagusia joan bada ere, domekara arte jarraituko dute jaiek. San Pedro Txiki izango da bihar [ekainak 30], eta San Pedro baltza barikuan [uztailak 1].
Dokumentuaren akzioak