Donostiako zazpi dantza taldek emango diote hasiera Aste Nagusiari

Laurehun jarduera baino gehiago izango dira Donostiako Aste Nagusian, abuztuaren 8tik 15era. Kultur teknikarien lan gatazkaren harira, Jon Insausti alkateak dio programazioen bidez lortzen dela kultura zaintzea.

Egilea
Irati Abarrategi Kortabarria
Hedabidea
Berria
Lekua
Donostia
Mota
Albistea
Data
2026/07/27
Esteka
Berria
Donostiako Aste Nagusiko programazioaren aurkezpena, gaur, Kristinaenea parkean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Donostiako Aste Nagusiko programazioaren aurkezpena, gaur, Kristinaenea parkean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Antiguotarra, Arkaitz Añorga, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Trebeska, Herridantza eta Kresala dantza taldeetako kideek botako dute kanoikada abuztuaren 8an, Aste Nagusiari hasiera emateko. «Ezinezkoa» da hiriko dantza talde guztiak bertan izatea, eta antolatzaileek horregatik erabaki dute guztiak zazpi dantza taldek ordezkatzea.  

Aste Nagusiko programazioak 416 jarduera bilduko ditu hiriko 30 gunetan. Lehen aldiz, Kristinaenea, Aiete, Ametzagaina, Urgull eta Uliako parkeak programazioaren barnean egongo dira, «naturarekin lotura» egite aldera. Beste berrikuntza batzuk ere izango dira aurten. Abuztuaren 12an eklipse partziala izango da, eta Sagues fenomeno horretaz gozatzeko begiratoki nagusi bihurtuko da. Gainera, Oporrak Bakean programaren berrogeigarren urteurrena ospatuko dute abuztuaren 9an, Plaza Berrian. Gastronomia ere presente izango da festetan, eta aurten kokotxak pil-pilean prestatzeko lehiaketa egingo dute lehen aldiz. Kirolei ere lekua egingo diete; besteak beste, Trinitate plazan herri kirolak izango dira. 

Insausti, kultur teknikarien gatazkaz

Abuztuaren 14an ikuskizunetako teknikariek greba egingo dute. Egoera ikusita, Jon Insausti Donostiako alkateak adierazi du egun horretarako antolatuta dagoen programazioari eustea dela udalaren premisa, «betiere lanerako zein grebarako eskubidea errespetatuz». Pandemia garaian teknikarien «protesta handiak» izan ziren, «eta Donostia Kulturak esfortzu berezia egin zuen jarduerei eusteko». Alkateak defendatu du programazioaren bidez lortzen dela «kultura zaintzea».