Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Donostiako Antzerki Feria ikuskizun eta estreinaldiz jantziko da

Dokumentuaren akzioak

Donostiako Antzerki Feria ikuskizun eta estreinaldiz jantziko da

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/06/08

Victoria Eugenian egingo den Antzerki Feriaren hasiera-ekitaldia Carolyn Carlson koreografo amerikarraren esku egongo dela jakinarazi zuten atzo Donostian egindako aurkezpenean. Emakume horrek «dantzaren historia osoa dauka bizkarrean», esan zutenez, eta «Inanna» aurkeztuko du, jainkotasunari eskainitako omenaldia, emakumezkoaren misterioari buruz zazpi dantzarik biribildutako lan ederra, hain zuzen.

Ondoren, Heddy Maalen jatorri frantziar-algeriarra duen koreografoaren konpainiaren txanda izango da, Victoria Eugenian azken ikuskizuna emango baitute, Igor Stravinskyren «Udaberriaren eskaintza», interprete nigeriar eta senegaldarrek dantzatua: natura eta bizitzari egindako kantua. Eta, Pippo Delbono dramaturgo eta aktore italiarraren konpainiak «Urlo» aurkeztuko du; hala euren hastapenetako lengoaia berreskuratuko dute, hots, dantza, keinua eta kantua baliatuko dituzte hitzak esanahiaz betetzeko. «`Urlo' garrasia da, jaioberriaren negarra, baita torturaren erregua ere, haserretuaren sumina mundu gizatiarrago baten beharra iragartzeko», laburbildu zuten Feriako arduradunek.

Horrez gain, Antzerki Feriak erabateko hainbat estreinaldi izango ditu, hala nola, Cráneos de Yorick konpainiaren «Las amargas lágrimas de Petra Von Kant», Lluna Nova konpainiaren «Las voces» lana eta Ex Tres taldearem «Restaurant» lana. Vaivén Producciones konpainiak haurrei zuzendutako «Las inalámbricas» aurkeztuko du.

Horiekin batera, Antzerki Feriako agertokietatik pasatuko dira, adibidez, Traspasos konpainia «Demasiado humano» lanarekin, Camping Gags konpainia «Cueva de Ladrones» lana- rekin, Tanttaka konpainia «Mujeres en sus camas» lanarekin eta Venezuelako Naku Teatro konpainia «A todo pecho» lanarekin. Balea Musika Ideiak, «Cuentos Ibéricos», «penintsulako bost hizkuntzetan idatziak dauden testu literario batzuetan oinarritua dagoen muntaia», proposatuko du.

Askotariko dantzaldiak

Dantza izango da Antzerki Feria honetako protagonistetako bat eta Lakuako Gobernuaren Dantza Plataformaren eskutik iritsiko da. Halaber, Blanca Arrieta izango da «Rest» lanaren estreinaldiarekin. Ertza konpainia ere Donostiara euren azken ekoizpena estreinatzera etorriko da: «Menos globos Superman». Hiriko hainbat agertokietan egingo dute dantza, Matxalen Bilbao dantzariak bezala.

Ez du hori egingo Organik konpainiak, horiek kalera eramango baitute euren ikuskizuna. Gainera, Donostiara etorriko dira Miarritzeko gazteen ballet konpainia, LMNO konpainia eta Antzerki Feriak berak koproduzitutako Kukai-Logela konpainiaren lana ere.

Haurrentzako ikuskizunei dagokienez, Naku Teatro taldeak «Aguazul» lana azalduko du, eta Agerre Teatroaren «Haur Kabaretak» kabaretaren fantasiazko munduan murgilduko ditu. Kukubiltxoren «Kukubel 2.0» ikuskizunaz ere gozatu ahal izango dute, baita Golden Apple Quartet donostiarren «Galipotx»-ez ere. Gainera, umeentzat arrakasta handia izan du azken horrek.

Umorea ere ez da faltako: Vania Produccionesen «Mandíbula afiladaren» eskutik etorriko da. Teatro Estudiok «Cuatro bromas y un funeral» aurkeztuko du. Horrek zein Mag Lari magoaren ikuskizunak ere Feria pixka bat luzatuko du, uztailaren 15a arte.

Bestalde, iaz bezala, Paseando Con Arte konpainiak Donostia erdiguneko kaleak eszenatoki handi bihurtuko ditu, eta munduko txokorik urrunenetatik etorritako hainbat disziplinatako artistek «zur eta lur» utzi nahi dituzte ikusleak. Las Artes del Cielo taldeak, berriz, Sagueseko gunean aire ikuskizunak egingo ditu.

Jarduera paraleloen esparruan, Carolyn Carlson koreografoak eskolak emango ditu, eta erakusketak, mintegiak, hitzaldiak eta topaketak ere prestatuko dituzte.

Victoria Eugenia Sariaren banaketa bera ere Feriaren barnean egingo da. Aurten, beraz, «esanahia berezia» izango du horrek, berreraikitako antzokian bertan egingo delako.

Dokumentuaren akzioak