Dokumentuaren akzioak
Donostiako Antzerki Feria Carolyn Carlson-en erritmora abiatuko da
Zazpi dantzarirentzat sortutako koreografia da Carolyn Carlsonen «Inanna»; izen bera duen jainko sumertarraren omenez eginiko lana, alegia. Duen «sentiberatasunagatik» eta «potentzia sortzaile» delako nabarmentzen da jainkoa, bere sena eta gerra-gaitasunagatik, eta emakumezko izaera markatua izateagatik. «Inannak» emakumeen munduko alderdi guztiak erakusten ditu, Carolyn Carlson koreografoaren ikuspegitik.
Estatubatuarrak emango dio hasiera aurtengo Antzerki Feriari. Eta, dantzaria bera izango da emanaldiko izarra, ikuskizuna bi saiotan eman ez ezik, balet modernoaren munduan pisuzko pertsonetako bat den horrek eskolarik ere emango du-eta Donostian. Atzo prentsaurrekoan aritu zen Carlson, bere lanaren nondik norakoak azaltzeko helburuarekin.
Victoria Eugenia izango da bere lanaren lekuko, eta bertan azaldu zuenez, poesiaren bitartez jakin zuen Inanna jainkosa duela 3.000 bat urteko emakume nahiko garaikidea zela. «Horrek animatu ninduen gaur egungo emakumearen gaineko lan bat egitera», azaldu zuen. «Asko interesatzen zait misterioz betetako emakumea, belo baten atzean dagoena; emakumea politikan, bizitzan, esparru ezberdinetan dabilena. Onarpena lortzen hasia da, baina poesia irakurtzean harritu egin ninduen Inannak gai hauez duela 3.000 bat urte ere hitz egiten zuela ikusteak», esan zuen.
Poesia ardatz hartuta
Dena den, bere asmoa ez da izan «politikoki konprometitua» den lan bat egitea. «Baizik eta emakumearen inguruan intuizioz edo misterioz bezala hitz egitea. Interpretatzeko modu ezberdin bat da -esan zuen-, poema bat; ez dut nahi historia bat kontatu». Xede horrekin, bada, zazpi dantzarik eramango dute oholtzara «Inanna», Armand Amar-ek espresuki konposatutako musikaz baliatuta. Lan oro «kolektiboa» dela ere nabarmendu zuen Carlsonek: «Protagonistak diren dantzariengatik asko jasotzen dut; besteren artean, energia femeninoa gaia lantzen dugu, eta asko oinarritzen naiz beren izaeran. Hau ez da lan indibiduala».
Osterantzean, zera ere gogorarazi zuen: «Nire lan oro poesiatik abiatzen dira; eta `Inanna' ez da salbuespena. Poesia liburu bat idatzi dut `Inanna'ren inguruan, eta hori izan da lan honen abiapuntua. Ikuskizuna ikustean norberak bere inspirazio poetikoa aurkituko dio. Nire ustez, dantza, oro har, asko oinarritzen da energian, eta nire obrek inpaktu bisual handia dute». Ikuskizuna Francesca Woodman (1958-1981) argazkilari italiarraren omenez ekarri du. Emakumeak erretratatzen zituen eta bere buruaz beste egin zuen.
Carlson Kalifornian jaio zen. Dantza ikasketak San Frantziskoko Balet Klasikoko Eskolan eta Utah-ko Unibertsitatean egin zituen. Ordudanik egindako ibilbide luzean hainbat sari jaso ditu; Musikaren Garaipena «Signes» lanagatik, Arte eta Letren Zaldun titulua, Errepublika frantseseko Ohorezko Legioa eta Paris hiriko domina, esaterako.
Gaur inauguratuko duten Antzerki Feriak egitarau oparoa du. Eta, lehenengo egun honetan, Carlsonen ikuskizuna ez ezik, Traspasosen «Demasiado humano», Agerre Teatro eta Mi cabeza que habla taldeen «Cabaret Infantil» eta Blanca Arrietaren «Rest» ere badira aukeran.
Atzo, esaterako, Traspasoseko kide Mikel Gomez de Segura aritu zen prentsaurrekoan Friedrich Nietzsche filosofoaren azken egunak kontatzen dituen lana aurkezten. Hark gogorarazi zuenez, dagoeneko emanaldi ugari egin dute obra horrekin, eta harrera «benetan ona» izan duela nabarmendu zuen. Gaur, Antzoki Zaharrean, 22.30ean aurkeztuko duten lana filosofoa psikikoki hondoratu ondoren giltzapetu zuten arte izan zuen bizi-drama eta drama sortzailea luzaroan aztertu ostean sortutako obra da. Haren «filosofiaren egiazkotasuna» agertu nahi du lanak, eta horretarako drama eta umorea tartekatzen ditu.
Gaztetxoenentzat, aldiz, gaztelaniaz aurkeztuko dute, eguerdian, Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan «Cabaret Infantil». Agerre Teatrok eta Mi cabeza que habla taldeek elkarlanean sortu duten lana da. Soinuen eta magiaren unibertsoan sartzen dira txikienak bertan, eta unibertso horretan, ezer ez omen da dirudiena, eta «atsotitz sinple batetik ere melodiarik goxoena atera daiteke». Aktoreak eta Maite Agirre zuzendaria izan ziren atzo Donostian, adiskideta- sunaz mintzo den lanaz hitz egiteko. Blanca Arrietaren «Rest» dantza emanaldia, aldiz, Gazteszenak hartuko du gaur, bertan, baina 18.00etan.
Kalifornian jaioa, baina jatorri finlandiarrekoa da Carslon. Bere ikuskizunaz gain, dantzaren munduan hasi berriak direnei zuzendutako eskola bat ere ekarri du Donostiara. Inprobisazioaren aldekoa dela azaldu, eta ez zuen asko hitz egin emanaldiaz: «Lehenengo, ikasleak ikusi beharko ditut, oso espontaneoa naiz-eta horrelako kontuetan».
Izenburua: «Inanna».
Koreografia: Carolyn Carlson.
Musika: Armand Amar.
Iraupena: 80 minutu.
Non: Victoria Eugenia antzokia.
Noiz: Gaur eta bihar, 20.00etan.
Dokumentuaren akzioak