Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Donibane Lohizuneko Tanka gela berriaren «programazio eklektikoa»

Dokumentuaren akzioak

Donibane Lohizuneko Tanka gela berriaren «programazio eklektikoa»

Musika, dantza eta antzerkia txandakatuko dira lehen seihilekoan zehar Peyuco-Duhart kultur etxe sortu berriko Tanka gelan. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, Izaro eta Tiken Jah Fakolyren kontzertuak, apirilaren 6an eta 7an.
Egilea
Felix Thommen
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donibane Lohizune
Mota
Albistea
Data
2024/01/06
Lotura
Naiz

 Izaroren bidez aretoa gaztez betetzea espero du Donibane Lohizuneko hiriak.

Izaroren bidez aretoa gaztez betetzea espero du Donibane Lohizuneko hiriak. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak eta bere partaide den Akitania Hegoaldeko Eszena Nazionalak, urte hastapenean, Peyuco-Duhart kultur etxeko Tanka gelako egitarauaren berri eman dute. 2024ko urtarrilaren 20tik maiatzaren 15era bitarte, 13 ikusgarri eskainiko dituzte bertan.
Hil honen 20an, Andres Marin flamenko andaluzak irekiko du denboraldia, Pedro Barragan gitarrista lagun duela. Donibane Lohizunen aitzin estreinaldian aurkeztua izanen den ikuskizuna, hiru aste berantago, Chailloteko Antzoki Nazionalean (Paris) izanen da, mundu mailako sorkuntzaren testuinguruan.

«Otsaila antzerkiari eskainia izanen da nagusiki», iragarri du Laurence Ledesmak, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeko Kultura arduradunak. Lehenik, 4an, «gurasoentzat debekatua» den 'Olympus kids' ikuskizun interaktiboa izanen da, eta ondotik, 'Bolbora asmatu ez zuen gizona', Stephanie Claveriek idatziriko bakarkako antzezpenaren moldaketa, otsailaren 9an, Benoît Margottin komedianteak antzeztuko duena.

Martxoaren 8an, Ziburuko Syrtes konpainiak 'Portrait naufrage 0' antzeztuko du. Biharamunean, hilaren 9an, Beltza Gorriaren (Donibane Lohizune) eta Dedicace (Saint-Germain-en-Laye) abesbatzek errepertorioa partekatuko dute. Hamar egun berantago izanen da antzerkiaren itzulera, 'El Mejor de los mundos' antzezlanarekin, euskara, gaztelania eta ingelesa nahasten dituen emanaldia. Azkenik, hilabetea Bilaka kolektiboak animatuko duen «besta eta dantza gaualdi» batekin borobilduko da, 30ean.

Izaro eta Tiken Jah Fakoly

Bi hitzordu aurreikusi dituzte apirilean, baina inondik ere tipienak. Larunbatean, hilak 6, Izaro Bizkaitik etorriko da 'Cerodenero' aurkeztera, bere bosgarren obra handia. Euskal poparen izartzat hartua, neska gazteak 2022an San Joan bestak irekitzeko ohorea ukan zuen.

Izaroren biharamunean bertaratuko da reggae musikaren mundu mailako erreferenteetako bat, Tiken Jah Fakoly. Lau Urrezko Disko dituen Boli Kostako artista bira eta disko berri baten bueltan heldu da Euskal Herrira. Bere 25 urteko ibilbidea berrikusten duen obra akustikoa eskainiko du.

Maiatzaren 3an, Elirale dantza konpainiarentzat eta 'Fuga!' ikuskizunarentzat izanen da eszena. Azken hau Pantxika Telleria koreografoaren sorkuntza berria da. Hilaren 15ean, Özberk Miraç Sarigul gitarrista turkiarrak emango dio hastapena Andaluziako Zinemaldiari. Festibalaren baitan, David Coriaren «flamenko garaikideaz» gozatuko dute zaleek, hilaren 18an. Bukatzeko, hilaren 25ean, Organik Orkeztrak 'Rhapsôidia' ikuskizun berria aurkeztuko du.


*Erredakzioan Itzulia.

Dokumentuaren akzioak