Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Doneztebeko San Pedro bestak ekainaren 26tik 30era ospatuko dira

Dokumentuaren akzioak

Doneztebeko San Pedro bestak ekainaren 26tik 30era ospatuko dira

Ortziral arratseko 8etako suziri-botatzearekin hasiko dira bestak

Doneztebeko San Pedro bestak ospatuko dira ekainaren 26tik 30era. Ortziral arratsean, 8tan, Herriko Etxetik botako duten suziriarekin hasiko dira bortz egunetako bestak. Segidan, Corco txarranga eta Doneztebeko txistulariek alaituta, karriketan barna ibiliko dira. Ondotik, urteroko ohiturari eutsiz, Doneztebeko ostatu eta elkarteetan zopak izanen dira. Gauerditik aitzinera, 03:30era bitarte, dantzaldia izanen da Laiotz taldearekin.
Egilea
Ttipi-ttapa / Xorroxin
Komunikabidea
Erran
Tokia
Doneztebe
Mota
Albistea
Data
2015/06/25
Lotura
Erran

Ekainaren 27an, larunbatean, Corco txarangak girotutako dianarekin hasiko dute eguna. 10:30etan Mus txapelketa jokatuko da. 11:00etan zaharren aldeko meza eta omenaldia izanen dira; tartean, herriko zaharrena sarituko dute. Eguerdian, buruhandi eta zezen ttikiak karriketan barna ibiliko dira. 18:00etan esku-pilota partidak jokatuko dira, banaka eta binakakoak. Ilunabarrean, dantzaldia izanen da Oharkabe taldearekin eta rantxerak Chuchin Ibañezen eskutik. 22:15etan zezen suzkoa izanen da Bear Zana pilotalekuan. Eguna borobiltzeko 01:00etatik 04:00etara dantzaldia izanen da Oharkabe taldearekin.

Ekainaren 28an, igandean, Corco txarangak girotutako dianarekin irekiko dituzte begiak. 11:00etan txikien udala osatuko da eta alkate txiki eta zinegotziek suziria botako dute. Ondotik, txikien Udalbatza buru dela eta erraldoi, buruhandi eta txistulariek lagunduta, meza izanen da eta San Pedrori lore eskaintza eginen zaio. 14:30ean ttikien udalean parte hartu duten haurrei bazkaria emanen zaie. Arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara haurrendako Kart eta puzgarriak izanen dira Bear Zana pilotalekuan. Herrian barna tren txu-txua ere ibiliko da. 20:00etan txikien Udalbatzak goizean hartutako agintaritza utziko du. Ordu berean, bezperak izanen dira San Pedro Elizan eta Mendi Abesbatzak kantatuko du. 19:00etatik 20:30era trikitilarien kalejira eta Martin eta zonaldeko bere ikasleekin kontzertuak izanen dira. 22:30ean su artifizialak izanen dira ikusgai. 01:00etatik 04:00etara Martin eta musika taldearekin dantzaldia izanen da.

Ekainaren 29an, astelehenean, izanen da San Pedro egun haundia. 09:00etan Corco txarangak alaitutako dianarekin hasiko dute eguna. 11:00etan San Pedro Apostoluaren omenezko Mendi Abesbatzaren kantuekin alaitutako Meza Nagusia ospatuko dute. Ondotik, urtero bezala, Erreka Dantza taldearen eskutik eta txistularien laguntzaz, Bandera dantza, Trapatana eta bertze dantza tradizional batzuk izanen dira eliz atarian. Ordu berean, erraldoi eta buruhaundiak aterako dira, txistularrien bandak girotuta. 13:30 Herriko Etxearen azpian aperitiboa emanen da. 18:30ean kalejiran ibili eta gero, Erreka Dantza taldearen eskutik, dantza tradizionalak izanen dira Bear Zana frontoian. 20:00etan dantzaldia izanen da Gaubela musika taldearekin. 22:15ean zezen suzkoa izanen da Bear Zana frontoian eta gauerdian dantzaldia izanen da Gaubela taldearekin.

Ekainaren 30ean, asteartean, 09:00etan Corco txarangak girotuta eginen da Diana. 11:00etan buruhaundi eta zezen ttikiak izanen dira herrian barna. 14:00etan herri bazkaria izanen da. Arratsaldean, haurrendako jokoak izanen dira. 20:00etan dantzaldia izanen da Oharkabe taldearekin. Bestak bukatzeko, urtero bezala, «gaixoa ni» kantatuko dute. 

Haur, gazte eta helduendako, herritar eta bisitari guztiendako, ekitaldiak prestatu dituzte aurten ere San Pedro bestetan.

Dokumentuaren akzioak