Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Domekan 150 dantzari txiki batuko dira herrian

Dokumentuaren akzioak

Domekan 150 dantzari txiki batuko dira herrian

Egilea
Egoitz Unamuno
Komunikabidea
Plaentxia
Tokia
Soraluze
Mota
Albistea
Data
2023/06/01
Lotura
Plaentxia
Dantzari txikiak plazan, 2018ko Euskal Jaian.

Bi urteko geldialdiaren ostean, ekainaren 4an, Umeen Euskal Jaia egingo da berriz Soraluzen eta hala, Aretxabaleta, Arrasate, Antzuola, Oñati eta Soraluzeko 150 dantzari txiki batuko dira, herriko kaleetan eta plazan dantzan egiteko. Aurtengoa 50. edizioa izango da. 

Domekan, sei dantza talde batuko dira herrian: Aretxabaletako Leizarra, Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu,  Oñatiko Oinatz, Antzuolako Oinarin eta Soraluzeko Urrats.

Goizeko 10:30ean abiatuko dute eguna, dantzari txikiei Frontoian egingo dieten harrerarekin. Ostean, 11:30ean, kalejira abiatuko dute herriko kaleetan zehar eta 13:00etan Plaza Zaharrean egingo duten alardearekin amaituko dute goizeko jarduna. Ondoren, bazkaldu elkarrekin egingo dute Frontoian eta bazkalostean Kukumixoko jolasak eskainiko dizkiete. Arratsaldean, berriz, 17:00etan dantza saio bateratua egingo dute Plaza Zaharrean eta amaitzeko, buruhandiak aterako dituzte. 

Urrats dantza taldeko kideek jakinarazi dute, domekan euria egingo balu, dantza saio nagusiak kiroldegiko frontoian egingo dituztela. 

Lehen aldiz 1967an, Ikastolak antolatuta

Aurtengoa, gainera, edizio berezia izango da, ekimena antolatzen duten 50. aldia izango baita. Izan ere, Umeen Euskal Jaia Soraluzeko Ametsa Ikastolak antolatu zuen lehen aldiz 1967ko abuztuaren 24an. Lehen aldi hartan, Zarauzko, Bergarako, Osintxuko eta Elgoibarko dantza taldeak gonbidatu zituzten. Harrezkero, herritar askok parte hartu dute antolaketa lanetan eta azken luzetan, Urrats dantza taldeko kideak dira ekimena antolatzen dutenak.

10ean, Erromerixa Eguna

Bestalde, Urrats dantza taldeak jakinarazi du, ekainaren 10ean, Erromerixa Eguna egingo dela Ezozin, ohiko egitarauarekin eta bazkaritarako txartelak dagoeneko salgai daudela Iratxo goxodendan, 15 eta 7 euroko prezioetan, heldu eta 16 urtetik beherako gaztetxoentzat, hurrenez hurren. 

Dokumentuaren akzioak