Dokumentuaren akzioak
Doinu brasildarrak izango dira aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoko berrikuntza
Dantzan jartzeko prest dago Azpeitia. Gaur arratsaldean aurkeztu dute udal ordezkariek eta eragileek aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoaren egitaraua. Guztira, sei emanaldi prestatu dituzte, eta denak uztaileko lehen bi asteburuetan egingo dituzte. Aurtengo ekimena berrikuntza nagusi batekin hasiko da, uztailaren 6an; capoeirarekin. Brasilgo arte martzialak eta dantzak uztartzen dituen mugimendua da capoeira, eta "musikarekin eta inprobisazioarekin jolastuko dugu", agertu du Capoeira Senzala Euskadi taldeko kide den Iker Aizpitartek.
Larunbatean, uztailak 7, Itsasi dantza Taldearen txanda izango da. "Dantza tradizionalak eta abesti berriekin sortutako koreografiak" eskainiko dituztela aurreratu du Garbiñe Oiartzabalek. Uztailaren 8an, areto dantzen erakustaldia egingo dute Jose Mari Orbegozok eta bere ikasleek. Haurrak, gazteak eta adinekoak izango dira oholtza gainean, eta down sindromedun pertsonez osatutako talde bat ere arituko da dantzan, "edonork dantza egin dezakeela erakusteko", azaldu du Orbegozok.
Uztailaren 13an, ostirala, Sanagustin kulturgunea dantzaleku bilakatuko da, eta herritarrei irekitako aretoa dela azpimarratu du Kulturaz kooperatibako Aitor Bengoetxeak: "Azken aldian modan jarri da, eta horrela jarraitzea nahi genuke. Herritarrak dantza egitera animatzen ditugu". Sahatsa dantza taldeak uztailaren 14ean eskainiko du emanaldia. Plaza Txikitik abiatuko dira dantzariak, eta saioa plazan egindo dute. Emanaldian "Iparraldeko dantzak ere" eskainiko dituztela aurreratu du Sahatsako Maite Bereziartuak. Azkenik, aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoarekin amaitzeko, trikitiaz eta dantza jauziez gozatzeko aukera izango da uztailaren 15ean. "Erromeria egingo dugu plazan, eta herritarrek bertan parte hartzeko aukera izango dute", esan du Trikigiroko Irati Arangurenek.
Josu Labaka Kultura batzordeburuak egitasmoan parte hartuko duten taldeen eta eragileen lana eskertu nahi izan du; izan ere, "jakin badakigu lan asko egiten dutela eta ilusio bereziarekin" prestatzen dituztela egitasmoak. Azpeitiarrak prestatu dituzten emanaldietan parte hartzera animatu ditu, eta saio guztietarako sarrerak doan direla gogorarazi du.
Hona hemen 2018ko Azpeitia Dantzanen egitaraua:
Uztailak 6, ostirala
19:00. Capoeira emanaldia, plazan.
Uztailak 7, larunbata
19:00. Itsasi dantza taldearen saioa, Soreasu antzokian.
Uztailak 8, igandea
20:00. Areto dantzak, Soreasu antzokian.
Uztailak 13, ostirala
23:00. Sanagustin dantzaleku bilakatuko da.
Uztailak 14, larunbata
20:00. Sahatsa dantza taldearen emanaldia, Plaza Txikian hasita. Ondoren, plazan eskainiko dute saioa.
Uztailak 15, igandea
19:00. Erromeria eta dantza jauziak, plazan.
Dokumentuaren akzioak