Dobla, dantza sektorea indartzeko mugaz gaindiko egitasmoaren lehen jauziak

Pirinioen bi aldeetako bost erakunderen sostenguz abian eman den egitasmoa da Dobla. Zehazki, Eusko Jaurlaritza, Euskal Hirigune Elkargoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala eta Malandain Ballet Biarritz daude euskal lurraldeetan dantza sektorea indartzeko asmoz abian emandako proiektua.
Ekimenaren sustatzaileen hitzetan, hurrengo hiru urteetan Dobla proiektuak lurraldeko konpainien nazioarteko proiekzioa sustatuko du, artistei eta erakusketa espazioei prestakuntza eta laguntza emanen dizkie, dantzarako agertoki eta publiko berriak zabalduko ditu, sektorearentzat eredu ekonomiko jasangarriagoak bultzatuko ditu eta lurraldeko profesionalen eta erakundeen arteko lankidetza sendotuko du.
Uztailean hasita, sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta jasangarritasuna hobetzeko ekintza zehatzak abiatzeko asmoa du mugari erreperatu gabe dantza sektorea indartzeko xedez sorturiko egitasmoak.
Proiektuak mugaz gaindiko dantza sektorearen egituraketa indartu nahi duela azpimarratu zuten ekainaren 15ean Biarritzeko Gare du Midi antzokian eginiko aurkezpenean.
Bilaka Kolektiboa, Dantzalai, Erain, Haatik, Lasala et Led Silhouette konpainiekin abiatuko da 1,5 milioi euroko aurrekontua duen programa. Dobla egitasmoaren helburuen artean dago «sorkuntzarako eta lan artistikoen zirkulaziorako aukerak handitzea».
Aurkezpenean izan ziren artistek aukera baliatu zuten egitura iraunarazteko nahia adierazteko, artistak beren arteaz lan eta bizi ahal izan daitezen. Balorean ezarri dute orain arte egindako lana, baina baldintza eraginkorrak galdetu dituzte. Espero dute Doblak aukera emanen duela elkarlana indartzeko eta, aldi berean, Euskal Herri osoko artista koreografoen aitzinean jartzeko.
Egitasmoaren lehen ekintzak uztailetik aurrera jarriko dira martxan, eta dantzaren arloko profesionalei, konpainiei, erakusketa espazioei eta gainerako eragileei zuzenduta egongo dira. Dantzak, euskal kulturaren adierazpide garrantzitsua izanik, «komunitatea sortzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko gaitasun berezia duela» nabarmendu zuten aurkezpen ekitaldian.
* Erredakzioan itzuli eta moldatutako informazioa